Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 27:19-37 Elizen Arteko Biblia (EAB)

19. Epaimahaian eseria zegoela, emazteak mandatu hau bidali zion: «Ez zaitezela errugabe horrekin sar! Asko sufritu dut bart ametsetan hori dela eta».

20. Baina apaizburuek eta zaharrek jendea berotu zuten Barrabasen askatasuna eta Jesusen heriotza eska zitzan.

21. Gobernariak berriro galdetu zien:—Bietako zein nahi duzue askatzea?—Barrabas —erantzun zuten.

22. Pilatok esan zien:—Eta zer egin behar dut Jesusekin, Mesias delakoarekin?Denek erantzun zuten:—Gurutzean josi!

23. Eta hark:—Zer oker egin du, bada?Haiek, are eta oihu handiagoz:—Gurutzean josi!

24. Guztia alferrik zela eta, gainera, iskanbila sortzera zihoala ikusirik, Pilatok ura hartu eta eskuak garbitu zituen jendearen aurrean, esanez:—Ez naiz gizon honen heriotzaren erantzule! Zeuek ikusi!

25. Herri osoak erantzun zuen:—Geu eta gure ondorengoak egiten gara horren heriotzaren erantzule!

26. Orduan, Barrabas askatu zien eta Jesus, zigorkarazi ondoren, haien eskuetara eman zuen, gurutziltza zezaten.

27. Gobernariaren soldaduek Jesus jauregira eraman zuten eta gudari-taldeko denak bildu zituzten haren inguruan.

28. Soinekoak erantzi zizkioten eta purpurazko kapa batez jantzi zuten.

29. Arantzaz egindako koroa ezarri zioten buruan eta kanabera eskuan, eta, aurrean belaunikaturik, iseka egin zioten esanez: «Agur, juduen erregea!»

30. Listua botatzen zioten eta, kanabera kendurik, buruan jotzen zuten.

31. Nahiko iseka egin ondoren, kapa erantzi eta bere soinekoak jarri zizkioten. Gero, gurutzean josteko eraman zuten.

32. Ateratzean, Zireneko gizon bat aurkitu zuten, Simon zeritzana, eta Jesusen gurutzea eramatera behartu zuten.

33. Golgota izeneko tokira iritsi zirenean (Golgotak «Burezur» esan nahi du),

34. behazunez nahasiriko ardoa eman zioten edatera. Jesusek dastatu bai, baina ez zuen edan nahi izan.

35. Gurutzean josi ondoren, soldaduek Jesusen jantziak banatu egin zituzten zotz eginez.

36. Eta han gelditu ziren, eserita, zaintzen.

37. Buruaren gainaldean kondenaren arrazoia ipini zuten idatzita: «Hau Jesus da, juduen erregea».

Irakurri kapitulu osoa Mateo 27