Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 25:19-36 Elizen Arteko Biblia (EAB)

19. «Handik denbora askora, etorri zen nagusia eta morroiei kontuak hartzen hasi zitzaien.

20. Aurreratu zen bost talentu hartu zituena eta beste bost aurkeztu zizkion, esanez: “Jauna, bost talentu utzi zenizkidan; hona beste bost nik irabaziak”.

21. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi on eta leiala! Gauza gutxian leial izan zara, askoren buru ipiniko zaitut; sartu zeure jaunaren festa ospatzera”.

22. Aurreratu zen, gero, bi talentuduna eta esan zion: “Jauna, bi talentu utzi zenizkidan; hona beste bi nik irabaziak”.

23. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi on eta leiala! Gauza gutxian leial izan zara, askoren buru ipiniko zaitut; sartu zeure jaunaren festa ospatzera”.

24. Aurreratu zen talentu bakarra hartu zuena eta esan zion: “Banekien gizon zorrotza zarena, erein ez duzun tokian hartzen eta zabaldu ez duzun tokian biltzen duzuna;

25. beldur nintzen, eta zure talentua lurrean ezkutatu nuen. Hona zeure dirua!”

26. Nagusiak erantzun zion: “Ai morroi gaizto eta alferra! Bazenekien erein ez dudan tokian hartzen dudana eta zabaldu ez dudan tokian biltzen.

27. Beraz, bankuan jarri behar zenuen nire dirua, itzultzean bere korrituekin jaso nezan.

28. Ken iezaiozue, bada, talentua eta eman hamar dituenari.

29. Izan ere, fruitua dakarrenari eman egingo zaio, eta gainezka izango du; fruiturik ez dakarrenari, ordea, daukan apurra ere kendu egingo zaio.

30. Eta ezertarako gauza ez den morroi hau jaurti kanpora, ilunpetara. Negarra eta hortz-karraska izango dira han”.

31. «Gizonaren Semea, aingeru guztiak lagun dituela, aintzaz beterik etortzean, bere errege-aulkian eseriko da.

32. Herriak oro haren aurrean bilduko dituzte. Hark batzuk besteengandik bereizi egingo ditu, artzainak ardiak akerretatik bereizten dituen bezala,

33. eta ardiak bere eskuinean eta akerrak ezkerrean ezarriko ditu.

34. Orduan, erregeak eskuinekoei esango die: “Zatozte, nire Aitaren bedeinkatuok; hartzazue munduaren sortzetik zuentzat prestatua dagoen erreinua.

35. Gose bainintzen eta jaten eman zenidaten; egarri, eta edaten eman; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen;

36. biluzik nengoen, eta jantzi egin ninduzuen; gaixo, eta bisitatu; kartzelan, eta ikustera etorri”.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 25