Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 18:1-17 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Hurbildu ziren ikasleak Jesusengana eta galdetu zioten:—Nor da Jainkoaren erreinuan handiena?

2. Jesusek, haur bati dei egin eta haien aurrera ekarririk,

3. esan zien:—Benetan diotsuet: Berriro haurren antzeko bihurtzen ez bazarete, ez zarete sartuko Jainkoaren erreinuan.

4. Beraz, haur hau bezain txiki bihurtzen dena, hori da Jainkoaren erreinuan handiena.

5. Eta honelako haurra nire izenean onartzen duenak neu onartzen nau.

6. «Niregan sinesten duten txiki hauetakoren bat galbidean jartzen duenak, , hobe luke errotarri bat lepotik erantsi eta itsas hondora amilduko balute.

7. Dohakabeak munduan sinesmena galbidean jartzen dutenak! Bai, nahitaez gertatu beharrekoa da hori; baina dohakabeak inoren sinesmena galbidean jartzen dutenak!

8. «Zeure eskuak nahiz oinak galbidean jartzen bazaitu, moztu eta bota; hobe duzu eskumotz edo hankamotz betiko bizitzan sartu, bi esku nahiz bi oinekin betiko sutara jaurtia izan baino.

9. Eta zeure begiak galbidean jartzen bazaitu, atera eta bota; hobe duzu begibakar betiko bizitzan sartu, bi begiekin infernuko sutara jaurtia izan baino.

10. «Kontuz! Ez dezazuela txiki hauetako inor gutxiets. Zeren, egia esan, hauen aingeruak zeruko nire Aitaren aurpegia ikusten ari baitira etengabe. (

11. ).

12. «Zer deritzozue? Gizon batek ehun ardi baldin baditu eta bat galtzen bazaio, ez ote da, beste laurogeita hemeretziak mendian utzirik, galduaren bila joango?

13. Eta aurkitzen badu —benetan esaten dizuet—, poz handiagoa hartzen du harekin, galdu ez diren beste laurogeita hemeretziekin baino.

14. Era berean, zeruko zuen Aitak ez du nahi txiki hauetako inor galtzerik.

15. «Zure senide batek bekatu egiten badu, zoaz berarengana eta zentzarazi bakarrean. Jaramon egiten badizu, irabazia duzu senidea.

16. Jaramonik egiten ez badizu, berriz, hartu zeurekin lagun bat edo bi, auzi oro bi edo hiru lekukoren aitorpenaz erabaki dadin.

17. Haiei ere jaramonik egiten ez badie, esaiozu elkarteari, eta elkarteari ere jaramonik egin nahi ez badio, izan bedi zuretzat jentil edo zergalari baten pareko.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 18