Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 13:35-47 Elizen Arteko Biblia (EAB)

35. Honela bete zen Jainkoak profetaren bidez esana: Parabola bidez mintzatuko naiz, munduaren hasieratik gordea zegoena azalduko.

36. Jesus jendetza agurtu eta etxeratu egin zen. Hurbildu zitzaizkion, orduan, ikasleak eta eskatu zioten: «Argi iezaguzu soroko olo gaiztoaren parabola».

37. Jesusek esan zien: «Hazi ona ereiten duena Gizonaren Semea da;

38. soroa, mundua; hazi ona Jainkoaren erreinuko seme-alabak dira; olo gaiztoa, berriz, gaiztoarenak;

39. olo gaiztoa ereiten duen etsaia deabrua da; uzta, munduaren azkena; eta uzta-biltzaileak, aingeruak.

40. Olo gaiztoa bildu eta sutan erretzen den bezala, hala gertatuko da munduaren azkenean ere:

41. Gizonaren Semeak bere aingeruak bidaliko ditu, eta haren erreinutik bereiziko dituzte gaizkileak eta besterentzat gaizpide gertatzen direnak,

42. eta su-labera botako. Negarra eta hortz-karraska izango da han.

43. Orduan, zintzoek eguzkiak bezala distira egingo dute beren Aitaren erreinuan. Ulertzeko gauza denak uler beza!

44. «Jainkoaren erregetzarekin, landan ezkutatua dagoen altxorrarekin bezala gertatzen da. Norbaitek aurkitzen duelarik, berriro ezkutatu egiten du, eta pozaren pozez joan, dituen guztiak saldu eta landa hura erosten du.

45. «Era berean, Jainkoaren erregetzarekin, harribitxi bila dabilen tratulariarekin bezala gertatzen da.

46. Balio handiko bat aurkitzen duenean, joan, bere gauza guztiak saldu eta erosi egiten du.

47. «Jainkoaren erregetzarekin, uretara botatzen den eta mota guztietako arrainak biltzen dituen sarearekin bezala gertatzen da.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 13