Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 13:35-43 Elizen Arteko Biblia (EAB)

35. Honela bete zen Jainkoak profetaren bidez esana: Parabola bidez mintzatuko naiz, munduaren hasieratik gordea zegoena azalduko.

36. Jesus jendetza agurtu eta etxeratu egin zen. Hurbildu zitzaizkion, orduan, ikasleak eta eskatu zioten: «Argi iezaguzu soroko olo gaiztoaren parabola».

37. Jesusek esan zien: «Hazi ona ereiten duena Gizonaren Semea da;

38. soroa, mundua; hazi ona Jainkoaren erreinuko seme-alabak dira; olo gaiztoa, berriz, gaiztoarenak;

39. olo gaiztoa ereiten duen etsaia deabrua da; uzta, munduaren azkena; eta uzta-biltzaileak, aingeruak.

40. Olo gaiztoa bildu eta sutan erretzen den bezala, hala gertatuko da munduaren azkenean ere:

41. Gizonaren Semeak bere aingeruak bidaliko ditu, eta haren erreinutik bereiziko dituzte gaizkileak eta besterentzat gaizpide gertatzen direnak,

42. eta su-labera botako. Negarra eta hortz-karraska izango da han.

43. Orduan, zintzoek eguzkiak bezala distira egingo dute beren Aitaren erreinuan. Ulertzeko gauza denak uler beza!

Irakurri kapitulu osoa Mateo 13