Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 13:10-22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

10. Ondoratu zitzaizkion ikasleak Jesusi eta galdegin zioten:—Zergatik hitz egiten diezu parabola bidez?

11. Jesusek erantzun zien:—Zuei eman zaizue Jainkoaren erregetzaren misterioak ezagutzea; horiei, ordea, ez.

12. Izan ere, duenari eman egingo zaio, eta gainezka izango du; ez duenari, ordea, daukan apurra ere kendu egingo zaio.

13. Hona zergatik hitz egiten diedan parabola bidez: begiratu bai, baina ikusten ez dutelako; entzun bai, baina ez aditzen, ez ulertzen ez dutelako.

14. «Horrela, Isaias profetak esana betetzen da horiengan:«Entzungo duzue, bai, baina ulertu ez; ikusiko duzue, bai, baina ohartu ez.

15. Izan ere, herri honek gogortu egin ditu buru-bihotzak, gortu belarriak, itsutu begiak. Ez bezate beren begiez ikus, ez belarriez entzun, ezta buruaz ulertu ere, horrela niregana bihur ez daitezen eta salba ez ditzadan.

16. «Zorionekoak, ordea, zuen begiak, ikusten dutelako, eta zuen belarriak, entzuten dutelako!

17. Benetan diotsuet: Profeta eta gizon santu askok ikusi nahi izan zuten zuek ikusten duzuena, baina ez zuten ikusi, eta entzun nahi zuek entzuten duzuena, baina ez zuten entzun.

18. «Entzun ezazue, beraz, ereilearen parabolaren esanahia.

19. Erregetzaren mezua entzun bai, baina ulertzen ez duenari, gaiztoa etortzen zaio eta bihotzean erein zaiona kendu egiten dio. Hori da, mezua “bide-bazterrak” hazia bezala hartzen duena.

20. “Harri-arteak” bezala hartzen duena hauxe da: mezua entzutean, berehala pozik onartzen duena;

21. baina sustrairik gabea eta iraupen gutxikoa izanik, mezua dela-eta estuasun edo erasoaldiren bat sortu orduko, erori egiten da.

22. “Sasi-arteak” bezala hartzen duena hauxe da: mezua entzun bai, baina bizitza honetako ardurak eta diru-goseak mezua ito egiten diotena, fruiturik gabe utziz.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 13