Itun Zaharra

Itun Berria

Markos 4:14-24 Elizen Arteko Biblia (EAB)

14. Ereileak mezua du ereiten.

15. Mezua ereiterakoan, batzuk “bide-bazterra” bezala dira: entzun bezain laster, Satanasek etorri eta haiengan erein den mezua kendu egiten du.

16. Beste batzuk “harri-artea” bezala dira: mezua entzutean, berehala pozik onartzen dute;

17. baina sustrairik gabeak eta iraupen gutxikoak izanik, mezua dela-eta estuasun edo erasoaldiren bat sortu orduko, erori egiten dira.

18. Beste batzuk, berriz, “sasi-artea” bezala dira: entzuten dute mezua,

19. baina bizitza honetako ardurak, diru-gosea eta bestelako grinak nagusitzen zaizkie eta mezua ito egiten diete, fruiturik gabe utziz.

20. Eta hona nor diren “lur ona” bezalakoak: mezua entzun, onartu eta fruitua ematen dutenak: bateko hogeita hamar edo hirurogei edo ehun».

21. Beste hau ere esan zien: «Ontzipean edo ohepean jartzeko pizten ote da gero kriseilua? Ez ote argimutilaren gainean jartzeko?

22. Izan ere, ez dago ezer gordeta agertuko ez denik, ezta ezkutuan ere argitaratuko ez denik.

23. Inork ulertu ahal badu, uler beza».

24. Esan zien ere: «Kontu izan nola entzuten duzuen! Zuek zein neurritan entzun, neurri berean emango dizue Jainkoak, eta gehiago ere bai.

Irakurri kapitulu osoa Markos 4