Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16

Itun Zaharra

Itun Berria

Markos 4 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Parabola-hitzaldia (4,1-34)

Ereilearen parabola

1. Beste batean, irakasten hasi zen Jesus aintzira-ertzean. Eta hainbeste jende bildu baitzitzaion ondora, uretan zegoen txalupa batera igo eta bertan eseri zen. Jende-taldea, berriz, lehorrean zegoen, aintzira ondoan.

2. Eta parabola bidez hitz eginez, irakaspen asko eman zien. Honela ari zitzaien bere irakastaldian:

3. «Entzun! Atera zen behin batean ereilea hazia ereitera.

4. Ereitean, zenbait ale bide-bazterrean erori zen; eta txoriek etorri eta jan egin zuten.

5. Beste zenbait harri artean erori zen, lur handirik ez zen tokian; eta, axaleko lurra izanik, berehala erne zen;

6. baina eguzkiak jo orduko, erre egin zen eta, sustrairik ez zuelako, ihartu.

7. Beste zenbait ale sasi artean erori zen: sasiek, haztean, ito egin zuten hazia eta ez zuen fruiturik eman.

8. Gainerakoak lur onean erori ziren; erne, hazi eta fruitua eman zuten: bateko hogeita hamar edo hirurogei edo ehun».

9. Eta ohar hau egin zien Jesusek: «Ulertzeko gauza denak uler beza».

Zergatik mintzo den Jesus parabola bidez

10. Bakarrik gelditu zirenean, Hamabiekin batera Jesusekin zebiltzanek parabolen esanahiaz galdegin zioten.

11. Eta hark esan zien:—Zuei eman zaizue Jainkoaren erregetzaren misterioa ezagutzea; kanpokoei, ordea, dena parabola bidez ematen zaie.

12. Zeren eta, Liburu Santuak dioen bezala, ikusten dute, bai, baina ohartzen ez; entzuten dute, bai, baina ulertzen ez; horrela, ez dira Jaunarengana bihurtzen eta ez zaie barkatzen .

Jesusek ereilearen parabola argituereilearen parabola argitu: Jainkoaren hitza entzuten duena lurrarekin konparatzen da: «bide-bazterra» bezala… ; izan ere, parabolaren azalpena bere osoan harturik, hau uste dugu: entzulea lurrarekin konparatzen dela, eta

13. Jesusek esan zien: «Parabola hau ez duzuela ulertzen? Nola ulertuko dituzue, bada, beste parabola guztiak?

14. Ereileak mezua du ereiten.

15. Mezua ereiterakoan, batzuk “bide-bazterra” bezala dira: entzun bezain laster, Satanasek etorri eta haiengan erein den mezua kendu egiten du.

16. Beste batzuk “harri-artea” bezala dira: mezua entzutean, berehala pozik onartzen dute;

17. baina sustrairik gabeak eta iraupen gutxikoak izanik, mezua dela-eta estuasun edo erasoaldiren bat sortu orduko, erori egiten dira.

18. Beste batzuk, berriz, “sasi-artea” bezala dira: entzuten dute mezua,

19. baina bizitza honetako ardurak, diru-gosea eta bestelako grinak nagusitzen zaizkie eta mezua ito egiten diete, fruiturik gabe utziz.

20. Eta hona nor diren “lur ona” bezalakoak: mezua entzun, onartu eta fruitua ematen dutenak: bateko hogeita hamar edo hirurogei edo ehun».

Mezua entzun eta onartu beharra

21. Beste hau ere esan zien: «Ontzipean edo ohepean jartzeko pizten ote da gero kriseilua? Ez ote argimutilaren gainean jartzeko?

22. Izan ere, ez dago ezer gordeta agertuko ez denik, ezta ezkutuan ere argitaratuko ez denik.

23. Inork ulertu ahal badu, uler beza».

24. Esan zien ere: «Kontu izan nola entzuten duzuen! Zuek zein neurritan entzun, neurri berean emango dizue Jainkoak, eta gehiago ere bai.

25. Izan ere, duenari eman egingo zaio; ez duenari, ordea, daukan apurra ere kendu egingo».

Berez hazten den haziaren parabola

26. Jesusek esan zuen: «Jainkoaren erregetza gizonak lurrean hazia ereitean gertatu ohi denaren antzeko da:

27. hura lo nahiz iratzarririk egon, gau eta egun, hazia erne eta hazi egiten da, hark nola ez dakiela.

28. Lurrak berez ematen du: lehenbizi landarea, ondoren galburua, azkenik alea galburua betean.

29. Eta garia heltzean, igitaiaz ekiten zaio, uztaroa da eta».

Mostaza-haziaren parabola

30. Beste hau ere esan zien: «Zeren antzeko dela esango genuke Jainkoaren erregetza? Zein parabolaren bidez adieraz genezake?

31. Mostaza-haziaren antzekoa da: lurrean ereitean, hazi guztietan txikiena da;

32. erein eta gero, ordea, gora egiten du eta beste barazki guztiak baino handiagoa egiten; eta txoriek habia egiten dute haren itzalpean, hainbestekoak baitira ematen dituen adarrak».

Parabolei buruz konklusioa

33. Horrelako parabola askoren bidez, Jesusek mezua iragartzen zien, beraiek ulertzeko eran.

34. Ez zien ezer irakasten parabola bidez izan ezik; baina bere ikasleei, bakarrean, guztien esanahia adierazten zien.

Hiru mirari ikasleen aurrean (4,35—6,6a)

Jesusek ekaitza baretu

35. Egun berean, ilunabarrez, Jesusek bere ikasleei esan zien: «Goazen aintziraz beste aldera».

36. Jende-taldea utzirik, zegoen txalupan bertan eraman zuten Jesus, beste zenbait ontzi ere harekin batera bazen arren.

37. Hortan, haize-bolada zakarra atera zuen, eta uhinek txalupa jotzen zuten, ia urez betetzeraino.

38. Jesus, berriz, txopan lo, buruko baten gainean. Esnarazi eta esan zioten:—Maisu, ez al dizu axola gu galtzeak?

39. Hark, esnaturik, haserre egin zion haizeari, eta aintzirari esan:—Hago isilik! Geldi!Gelditu zen haizea eta barealdi handia egin zen.

40. Jesusek esan zien:—Zergatik beldur hori? Nolatan duzue oraindik hain sinesmen gutxi?

41. Beldur-ikaraz gelditu ziren, elkarri esanez: «Nor ote dugu hau, esana egiten baitiote haizeak eta aintzirak ere?»