1. Beste batean, irakasten hasi zen Jesus aintzira-ertzean. Eta hainbeste jende bildu baitzitzaion ondora, uretan zegoen txalupa batera igo eta bertan eseri zen. Jende-taldea, berriz, lehorrean zegoen, aintzira ondoan.
2. Eta parabola bidez hitz eginez, irakaspen asko eman zien. Honela ari zitzaien bere irakastaldian:
3. «Entzun! Atera zen behin batean ereilea hazia ereitera.
4. Ereitean, zenbait ale bide-bazterrean erori zen; eta txoriek etorri eta jan egin zuten.
5. Beste zenbait harri artean erori zen, lur handirik ez zen tokian; eta, axaleko lurra izanik, berehala erne zen;
6. baina eguzkiak jo orduko, erre egin zen eta, sustrairik ez zuelako, ihartu.
7. Beste zenbait ale sasi artean erori zen: sasiek, haztean, ito egin zuten hazia eta ez zuen fruiturik eman.
8. Gainerakoak lur onean erori ziren; erne, hazi eta fruitua eman zuten: bateko hogeita hamar edo hirurogei edo ehun».
9. Eta ohar hau egin zien Jesusek: «Ulertzeko gauza denak uler beza».
10. Bakarrik gelditu zirenean, Hamabiekin batera Jesusekin zebiltzanek parabolen esanahiaz galdegin zioten.
11. Eta hark esan zien:—Zuei eman zaizue Jainkoaren erregetzaren misterioa ezagutzea; kanpokoei, ordea, dena parabola bidez ematen zaie.
12. Zeren eta, Liburu Santuak dioen bezala, ikusten dute, bai, baina ohartzen ez; entzuten dute, bai, baina ulertzen ez; horrela, ez dira Jaunarengana bihurtzen eta ez zaie barkatzen .
13. Jesusek esan zien: «Parabola hau ez duzuela ulertzen? Nola ulertuko dituzue, bada, beste parabola guztiak?
14. Ereileak mezua du ereiten.
15. Mezua ereiterakoan, batzuk “bide-bazterra” bezala dira: entzun bezain laster, Satanasek etorri eta haiengan erein den mezua kendu egiten du.
16. Beste batzuk “harri-artea” bezala dira: mezua entzutean, berehala pozik onartzen dute;