Itun Zaharra

Itun Berria

Markos 16:11-20 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. Baina haiek, bizi zela eta berak ikusi zuela entzutean, ez zioten sinetsi.

12. Gero, beraietako biri agertu zitzaien, beste itxura batez, auzo batera bidean zihoazela.

13. Hauek ere besteei berri ematera itzuli ziren; baina ez zieten sinetsi.

14. Azkenik, Hamaikei agertu zitzaien, mahaian eserita zeudela, eta aurpegira bota zien beren sinesgabetasuna eta burugogorkeria, pizturik ikusi zutenei sinetsi ez zietelako.

15. Eta esan zien: «Zoazte mundu guztian zehar eta hots egin berri ona izaki guztiei.

16. Sinesten eta bataiatzen den oro salbatua izango da; sinesten ez duena, berriz, kondenatua.

17. Sinestedunek seinale hauek izango dituzte berekin: nire izenean deabruak botako dituzte, hizkuntza berriz mintzatuko dira,

18. sugeak eskuetan hartuko dituzte eta, edari hilgarriren bat edanik ere, ez die gaitzik egingo; gaixoei eskuak ezarriko dizkiete eta sendatu egingo dira».

19. Horrela hitz egin ondoren, Jesus Jauna zerura jasoa izan zen eta Jainkoaren eskuinean eseri zen.

20. Haiek, berriz, alde guztietara joan ziren berri ona hots egitera. Eta Jauna bera ari zen haiekin, egiten zituzten mirarien bidez mezua baietsiz.

Irakurri kapitulu osoa Markos 16