Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16

Itun Zaharra

Itun Berria

Markos 16 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Hilobia hutsik: «Piztua da»

1. Larunbata igaro zenean, Magdalako Mariak, Maria Santiagoren amak eta Salomek usain gozoko ukenduak erosi zituzten, Jesusen gorpua gantzutzeko.

2. Eta asteko lehen egunean, goizean goiz, eguzkia atera orduko, hilobira joan ziren.

3. Honela ari ziren beren artean: «Nork kenduko digu hilobi-sarrerako harria?»

4. Begiratu eta harria alboratua zegoela ohartu ziren, oso astuna zen arren.

5. Hilobian sarturik, gazte bat ikusi zuten eskuinaldean eseria, soineko zuriz jantzia, eta erabat izutu ziren.

6. Baina hark esan zien: «Ez izutu! Nazareteko Jesus gurutziltzatuaren bila zabiltzate. Piztua da, ez dago hemen. Ikusi jarri zuteneko tokia.

7. Zoazte, bada, haren ikasleei, eta Pedrori bereziki, esatera: “Zuen aurretik joango da Galileara; han ikusiko duzue, berak esan bezala” ».

8. Emakumeek hilobitik ihesi alde egin zuten, sartu zitzaien izu eta ikaraz; eta, beldurraren beldurrez, ez zioten inori ezer esan.

ERANSKINAEranskina: Ebanjelioaren azken zati hau ez da Markosena; alabaina, nekez pentsa daiteke Markosek bere Ebanjelioa 16,8an bukatu zuenik. Agian, egiazko amaiera galdu egin zen, eta norbaitek, luzaro gabe, beste azken hau ezarri zion haren ordez. (16

Jesusen agerraldiak

9. Asteko lehen egunaren goizean pizturik, Jesus lehenik Magdalako Mariari agertu zitzaion, zeinengandik zazpi deabru bota baitzituen.

10. Hura Jesusekin bizi izan zirenei berri ematera joan zen, nahigabez eta negarrez baitzeuden.

11. Baina haiek, bizi zela eta berak ikusi zuela entzutean, ez zioten sinetsi.

12. Gero, beraietako biri agertu zitzaien, beste itxura batez, auzo batera bidean zihoazela.

13. Hauek ere besteei berri ematera itzuli ziren; baina ez zieten sinetsi.

Azken mandatua: zabaldu berri ona munduan

14. Azkenik, Hamaikei agertu zitzaien, mahaian eserita zeudela, eta aurpegira bota zien beren sinesgabetasuna eta burugogorkeria, pizturik ikusi zutenei sinetsi ez zietelako.

15. Eta esan zien: «Zoazte mundu guztian zehar eta hots egin berri ona izaki guztiei.

16. Sinesten eta bataiatzen den oro salbatua izango da; sinesten ez duena, berriz, kondenatua.

17. Sinestedunek seinale hauek izango dituzte berekin: nire izenean deabruak botako dituzte, hizkuntza berriz mintzatuko dira,

18. sugeak eskuetan hartuko dituzte eta, edari hilgarriren bat edanik ere, ez die gaitzik egingo; gaixoei eskuak ezarriko dizkiete eta sendatu egingo dira».

19. Horrela hitz egin ondoren, Jesus Jauna zerura jasoa izan zen eta Jainkoaren eskuinean eseri zen.

20. Haiek, berriz, alde guztietara joan ziren berri ona hots egitera. Eta Jauna bera ari zen haiekin, egiten zituzten mirarien bidez mezua baietsiz.