Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 9:35-48 Elizen Arteko Biblia (EAB)

35. Mintzo hau izan zen hodeitik: «Hauxe dut neure Semea, nik hautatua. Entzun berari!»

36. Mintzoaren ondoren, Jesus bakarrik ageri zen. Ikasleek isilik gorde zuten eta, ordukoz, ez zioten inori esan ikusitakorik ezer.

37. Biharamunean, menditik beherakoan, jende asko atera zitzaion bidera.

38. Hartan, gizon batek jendartetik oihuka esan zion:—Maisu, begira, arren, nire semeari, bakarra baitut.

39. Espiritu batek hartzen du menpean, eta bat-batean garrasika hasten da; gogor astintzen du eta lerdea dariola jartzen, eta oso nekez alde egiten du berarengandik, hauts eginda uzten duelarik.

40. Zure ikasleei eskatu diet espiritua botatzeko, baina ezin izan dute.

41. Jesusek esan zuen:—Hau gizaldi sinesgogor eta makurra! Noiz arte egon behar ote dut zuen artean eta jasan behar ote zaituztet? Ekar ezazu hona semea.

42. Mutila zetorrela, deabruak lurrera bota eta gogor astindu zuen. Jesusek mehatxu egin zion espiritu gaiztoari, mutikoa sendatu zuen eta aitari itzuli zion.

43. Denak harriturik gelditu ziren Jainkoaren handitasuna ikustean.Jesusek egiten zituenengatik txunditurik zeuden denak. Hark esan zien ikasleei:

44. «Hartu ongi gogoan hitzok: Gizonaren Semea gizakien eskuetara emango dute».

45. Haiek, ordea, ez zuten ulertzen zer ari zitzaien; ilun gertatzen zitzaien, eta ezin ziren esanahiaz jabetu; galdetzera, berriz, ez ziren ausartzen.

46. Eztabaida sortu zen ikasleen artean, nor ote zen beraietan handiena.

47. Igarri zizkien Jesusek beren burutazioak eta, haur bat harturik, bere ondoan jarri

48. eta esan zien: «Haur hau nire izenean onartzen duenak neu onartzen nau; eta ni onartzen nauenak, bidali nauen hura onartzen du. Zeren zuetan txikiena, horixe baita handiena».

Irakurri kapitulu osoa Lukas 9