Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 9:24-37 Elizen Arteko Biblia (EAB)

24. Izan ere, bere bizia gorde nahi duenak galdu egingo du; bere bizia niregatik galtzen duenak, ordea, gorde egingo du.

25. Zertarako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bere burua galtzen eta hondatzen badu?

26. Beraz, inor nitaz eta nire mezuaz lotsatzen bada, Gizonaren Semea ere lotsatu egingo da hartaz, bere aintzarekin, bere Aitaren aintzarekin eta aingeru santuen aintzarekin etorriko denean.

27. Zinez diotsuet: Hemen daudenetako batzuk ez dira hilko, harik eta Jainkoaren erregetza ikusi arte».

28. Hitzaldi honetatik zortziren bat egunera, Pedro, Joan eta Santiago berekin hartu eta mendira igo zen Jesus, otoitzera.

29. Eta, otoitzean ari zela, aurpegiko itxura aldatu egin zitzaion, eta jantziak zuri distiratsu bihurtu.

30-31. Hartan, bi gizon azaldu ziren, aintzaz distiratsu: Moises eta Elias, eta Jesusekin mintzo ziren Jerusalemen gertatzekoa zen honen heriotzaz.

32. Pedro eta lagunak logaleak jota zeuden; baina esnatu ziren eta Jesusen aintza eta harekin zeuden bi gizonak ikusi zituzten.

33. Hauek urruntzean, Pedrok esan zion Jesusi: «Maisu, zein ederki gauden hemen! Zergatik ez egin hiru etxola: bata zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat?»Ez zekien zer esaten zuen ere.

34. Eta, hori zioela, hodei batek estali zituen, eta beldurtu egin ziren hodeipean sartzean.

35. Mintzo hau izan zen hodeitik: «Hauxe dut neure Semea, nik hautatua. Entzun berari!»

36. Mintzoaren ondoren, Jesus bakarrik ageri zen. Ikasleek isilik gorde zuten eta, ordukoz, ez zioten inori esan ikusitakorik ezer.

37. Biharamunean, menditik beherakoan, jende asko atera zitzaion bidera.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 9