Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 9:21-30-31 Elizen Arteko Biblia (EAB)

21. Jesusek inori ez esateko agindu zien zorrotz,

22. eta hau esan zien gainera: «Gizonaren Semeak asko sufritu behar du; zahar, apaizburu eta lege-maisuek gaitzetsi egingo dute eta hil, eta hirugarren egunean piztu egingo da».

23. Gero, denei esan zien: «Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, har beza bere eguneroko gurutzea eta jarrai biezat.

24. Izan ere, bere bizia gorde nahi duenak galdu egingo du; bere bizia niregatik galtzen duenak, ordea, gorde egingo du.

25. Zertarako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bere burua galtzen eta hondatzen badu?

26. Beraz, inor nitaz eta nire mezuaz lotsatzen bada, Gizonaren Semea ere lotsatu egingo da hartaz, bere aintzarekin, bere Aitaren aintzarekin eta aingeru santuen aintzarekin etorriko denean.

27. Zinez diotsuet: Hemen daudenetako batzuk ez dira hilko, harik eta Jainkoaren erregetza ikusi arte».

28. Hitzaldi honetatik zortziren bat egunera, Pedro, Joan eta Santiago berekin hartu eta mendira igo zen Jesus, otoitzera.

29. Eta, otoitzean ari zela, aurpegiko itxura aldatu egin zitzaion, eta jantziak zuri distiratsu bihurtu.

30-31. Hartan, bi gizon azaldu ziren, aintzaz distiratsu: Moises eta Elias, eta Jesusekin mintzo ziren Jerusalemen gertatzekoa zen honen heriotzaz.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 9