Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 9:11-25 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. Baina ohartu zen jendea eta jarraitu egin zion. Jesusek ongi hartu zituen eta Jainkoaren erregetzaz hitz egin zien eta premia zeukaten guztiak sendatu zituen.

12. Eguna iluntzen hasia zen. Hamabiak hurbildu eta esan zioten Jesusi:—Bidal ezazu jendea inguruko auzo eta baserrietara, ostatu eta jan bila joan daitezen, hemen oso aparte baikaude.

13. Baina hark erantzun zien:—Eman zeuek jaten.Haiek, orduan:—Ez daukagu bost ogi eta bi arrain besterik, jende honentzat guztiarentzat jatekoa erostera geu joaten ez bagara behintzat.

14. Bosten bat mila gizon ziren. Jesusek esan zien ikasleei:—Eserarazi berrogeita hamarnaka.

15. Hala, denak eserarazi zituzten.

16. Hartu zituen Jesusek bost ogiak eta bi arrainak, eta, begiak zerura jasorik, bedeinkazioa esan, ogiak zatitu eta ikasleei eman zizkien, jendeari eskaintzeko.

17. Asetzeraino jan zuten denek, eta gelditutako hondarrez hamabi saski bete zituzten.

18. Jesus bakardadean otoitzean ari zen batean, ikasleak bildu zitzaizkion, eta Jesusek galdetu zien:—Nor naizela dio jendeak?

19. Haiek erantzun zioten:—Batzuek Joan Bataiatzailea zarela; beste batzuek Elias; besteek antzinako profetaren bat piztu dela.

20. Jesusek galdetu zien:—Eta zuek, nor naizela diozue?Pedrok erantzun:—Jainkoaren Mesias.

21. Jesusek inori ez esateko agindu zien zorrotz,

22. eta hau esan zien gainera: «Gizonaren Semeak asko sufritu behar du; zahar, apaizburu eta lege-maisuek gaitzetsi egingo dute eta hil, eta hirugarren egunean piztu egingo da».

23. Gero, denei esan zien: «Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, har beza bere eguneroko gurutzea eta jarrai biezat.

24. Izan ere, bere bizia gorde nahi duenak galdu egingo du; bere bizia niregatik galtzen duenak, ordea, gorde egingo du.

25. Zertarako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bere burua galtzen eta hondatzen badu?

Irakurri kapitulu osoa Lukas 9