Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 9:1-19 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Jesusek, Hamabiak beregana bildurik, deabru guztiak botatzeko eta gaitzak sendatzeko indarra eta ahalmena eman zien.

2. Eta Jainkoaren erregetza hots egitera eta gaixoak sendatzera bidali zituen,

3. esanez: «Ez hartu deus ere biderako, ez makilarik, ez zakutorik, ez ogirik, ez dirurik, eta ez dezala inork aldatzeko jantzirik eraman.

4. Edozein etxetan sartzen zaretela, gelditu bertan herri hartatik atera arte.

5. Eta onartzen ez bazaituzte, herri hartatik alde egitean, astindu zeuen oinetako hautsa, beraien kontrako seinaletzat».

6. Atera ziren, bada, eta herriz herri joan ziren, berri ona hots eginez eta alde guztietan gaixoak sendatuz.

7. Jakin zuen Herodes agintariak gertatzen zen guztia, eta zer pentsa ez zekiela zegoen. Batzuek Joan hildakoen artetik piztu zela zioten;

8. beste batzuek Elias profeta azaldu zela; beste zenbaitek, berriz, antzinako profetaren bat piztu zela.

9. Herodesek, berriz, honela zioen: «Joani neuk moztu nion lepoa. Nor da, bada, hau, horrelakoak entzuten baititut beroni buruz?» Eta Jesus ezagutzeko egokiera bila zebilen.

10. Apostoluek, itzultzean, egin zuten guztia kontatu zioten Jesusi. Orduan, haiek berekin hartu eta Betsaida zeritzan herrialdera joan zen bakarrik.

11. Baina ohartu zen jendea eta jarraitu egin zion. Jesusek ongi hartu zituen eta Jainkoaren erregetzaz hitz egin zien eta premia zeukaten guztiak sendatu zituen.

12. Eguna iluntzen hasia zen. Hamabiak hurbildu eta esan zioten Jesusi:—Bidal ezazu jendea inguruko auzo eta baserrietara, ostatu eta jan bila joan daitezen, hemen oso aparte baikaude.

13. Baina hark erantzun zien:—Eman zeuek jaten.Haiek, orduan:—Ez daukagu bost ogi eta bi arrain besterik, jende honentzat guztiarentzat jatekoa erostera geu joaten ez bagara behintzat.

14. Bosten bat mila gizon ziren. Jesusek esan zien ikasleei:—Eserarazi berrogeita hamarnaka.

15. Hala, denak eserarazi zituzten.

16. Hartu zituen Jesusek bost ogiak eta bi arrainak, eta, begiak zerura jasorik, bedeinkazioa esan, ogiak zatitu eta ikasleei eman zizkien, jendeari eskaintzeko.

17. Asetzeraino jan zuten denek, eta gelditutako hondarrez hamabi saski bete zituzten.

18. Jesus bakardadean otoitzean ari zen batean, ikasleak bildu zitzaizkion, eta Jesusek galdetu zien:—Nor naizela dio jendeak?

19. Haiek erantzun zioten:—Batzuek Joan Bataiatzailea zarela; beste batzuek Elias; besteek antzinako profetaren bat piztu dela.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 9