Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 23:38-49 Elizen Arteko Biblia (EAB)

38. Honako idazkun hau zuen buruaren gainaldean: «Hau juduen erregea da».

39. Zintzilik zeuden gaizkileetako bat Jesusi irainka ari zitzaion, esanez:—Ez al haiz, bada, hi Mesias? Salba ezak heure burua eta salbatu gu ere!

40. Baina besteak errieta egin zion hori zioenari:—Ez al duk Jainkoaren beldurrik, zigorra jasaten hagoela ere?

41. Gurea legezkoa duk, geure egintzengatik merezia baitugu; baina honek ez dik okerrik egin.

42. Gero, gaineratu zuen:—Jesus, oroit zaitez nitaz errege izatera iritsiko zarenean.

43. Jesusek erantzun zion:—Benetan diotsut: Gaur nirekin izango zara paradisuan.

44. Eguerdi aldea zen, eta ilundu egin zuen lurbira guztian hirurak arte.

45. Eguzkia ezkutatu egin zen, eta santutegiko oihala erdiz erdi urratu zen.

46. Jesusek, oihu handia eginez, esan zuen: «Aita, zure eskuetan jartzen dut bizia». Hau esanik, azken arnasa eman zuen.

47. Erromatar ehuntariak, gertatua ikusirik, Jainkoa goretsi zuen, esanez: «Benetan gizon hau zintzoa zen!»

48. Ikuskizunera joandako jende guztia, gertatua ikusirik, bular-joka itzuli zen hirira.

49. Jesusen ezagun guztiak, baita Galileatik jarraitu zioten emakumeak ere, urrutixeago zeuden begira.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 23