Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 23:23-37 Elizen Arteko Biblia (EAB)

23. Haiek oihu eta oihu ari ziren gurutzera zezala eskatuz, eta gero eta handiagoak ziren oihuak.

24. Orduan, Pilatok haien eskabideari men egitea erabaki zuen:

25. haiek eskatzen zutena —matxinada eta giza hilketagatik kartzelan zegoena— askatu eta Jesus beren esku utzi zien.

26. Jesus gurutziltzatzera zeramatela, sorotik etxera zihoan bat, Simon Zirenekoa, hartu zuten eta gurutzea leporatu zioten, Jesusen ondotik eraman zezan.

27. Herriko jende-talde handia zihoan Jesusen ondoren, baita emakume asko ere bular-joka eta harengatik aieneka.

28. Itzuli zen Jesus haiengana eta esan zien: «Jerusalemgo emakumeok, ez egin negarrik niregatik; egizue negar zeuengatik eta zeuen seme-alabengatik.

29. Hara, badatoz honako hau esango den egunak: “Zorionekoak agorrak, haurrik sortu ez duten sabelak eta titirik eman ez duten bularrak”.

30. Orduan, honela esango diete mendiei: “Eror zaitezte gure gainera”, eta muinoei: “Ezkuta gaitzazue”.

31. Izan ere, egur hezeari hau egiten badiote, zer ez ote iharrari?»

32. Jesusekin batera bi gaizkile ere eraman zituzten hiltzera.

33. «Burezur» zeritzan tokira iritsirik, bertan gurutziltzatu zuten Jesus, baita bi gaizkileak ere, bata Jesusen eskuinean eta bestea ezkerrean.

34. Jesusek honela zioen: «Aita, barka iezaiezu, ez baitakite zer ari diren».Soldaduek Jesusen jantziak banatu zituzten, zotz eginez.

35. Herria begira zegoen. Agintariek, berriz, Jesusi burla egiten zioten, esanez: «Besteak salbatu ditik; salba dezala bere burua, Jainkoaren Mesias, hautatua, baldin bada».

36. Soldaduek ere irri egiten zioten; ondoraturik, ozpina eskaini zioten eta esan:

37. «Juduen errege baldin bahaiz, salba ezak heure burua».

Irakurri kapitulu osoa Lukas 23