Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 20:27-41 Elizen Arteko Biblia (EAB)

27. Ondoren, saduzear batzuk etorri zitzaizkion Jesusi. Hauek hildakoak ez direla pizten esaten dute. Eta honela galdetu zioten:

28. —Maisu, Moisesek idatzi zigun: Norbaiti anaia ezkondu bat seme-alabarik gabe hiltzen bazaio, ezkon bedi alarguntsarekin, anaiari ondorengoa emateko.

29. «Baziren, bada, zazpi anaia. Zaharrena ezkondu eta seme-alabarik gabe hil zen.

30-31. Bigarrena eta hirugarrena alarguntsarekin ezkondu ziren, eta zazpiak berdin. Eta denak seme-alabarik gabe hil ziren.

32. Azkenik, hil zen emakumea ere.

33. Piztuerakoan, noren emazte izango da, zazpiek izan baitzuten emazte?»

34. Jesusek erantzun zien:—Mundu honetan gizon-emakumeak ezkondu egiten dira;

35. baina datorren munduan eta hildakoen piztueran parte hartzeko Jainkoak gai aurkituko dituenak, gizonezko nahiz emakume, ez dira ezkonduko;

36. izan ere, ez daitezke berriro hil, aingeruen antzeko baitira eta Jainkoaren seme-alaba, piztueran parte dutenez gero.

37. Gainera, hildakoak pizten direla Moisesek berak adierazi zuen, sutan zegoen sasiaren pasartean, Jaunari Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainko deitzen dionean.

38. Ez da hildakoen Jainkoa, biziena baizik, denak bizirik baitaude harentzat.

39. Orduan, lege-maisu batzuek hitza hartu zuten eta esan:—Ederki esan duzu, Maisu.

40. Eta ez ziren ausartzen beste galderarik egitera.

41. Jesusek galdera hau egin zien: «Nola esaten da Mesias Daviden ondorengo dela?

Irakurri kapitulu osoa Lukas 20