Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24

Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 20 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Nondik Jesusen aginpidea?

1. Egun batean, Jesusek tenpluan herriari irakasten eta berri ona hots egiten ziharduela, apaizburuak eta lege-maisuak etorri zitzaizkion zaharrekin batera,

2. eta galdetu zioten:—Esaguzu zein aginpidez jokatzen duzun horrela. Nor da aginpide hori eman dizuna?

3. Jesusek erantzun zien:—Nik ere gauza bat galdetuko dizuet. Esadazue:

4. Joanek Jainkoaren aginduz ala giza aginduz bataiatzen zuen?

5. Haiek honela ari ziren beren artean: «Jainkoaren aginduz ari zela esaten badiogu, zergatik ez genion sinetsi erantzungo digu.

6. Giza aginduz ari zela esaten badiogu, berriz, jendeak harrika emango digu, Joan profeta zela sinetsiak baitaude denak».

7. Beraz, ez zekitela noren aginduz ari zen erantzun zioten.

8. Jesusek, orduan:—Ba, nik ere ez dizuet esango zein aginpidez jokatzen dudan horrela.

Nekazari hiltzaileen parabola

9. Orduan, parabola hau esan zion Jesusek herriari: «Gizon batek mahastia landatu zuen eta, nekazari batzuei errentan utzirik, urrutira joan zen aldi baterako.

10. Bere garaian, morroi bat bidali zien nekazariei, mahastiaren fruitutik zegokion partea eman ziezaioten. Baina nekazariek morroia jo eta esku-hutsik bidali zuten.

11. Berriro beste morroi bat bidali zien; baina hau ere jo, irainez bete eta esku-hutsik bidali zuten.

12. Hirugarrena ere bidali zien; baina hura ere zauritu eta kanpora bota zuten.

13. Mahasti-jabeak, orduan, berekiko esan zuen: “Zer egin? Neure seme maitea bidaliko dut. Izango ahal diote honi begirune!”

14. Nekazariek, ordea, semea ikustean, esan zioten elkarri: “Oinordekoa duk! Hil dezagun eta mahastiaren jabe izango gaituk”.

15. Eta mahastitik kanpora bota eta hil egin zuten.«Zer egingo ote die, bada, mahasti-jabeak?

16. Joan eta garbitu egingo ditu langile horiek, eta mahastia beste batzuen esku utziko».Entzuten zeudenek esan zuten:—Ez dezala Jainkoak nahi!

17. Baina Jesusek, begira-begira jarririk, esan zien:—Zer esan nahi du, bada, Liburu Santuak dioen honek: Etxegileek bazterturiko harria giltzarri gertatu da?

18. «Harri honen gainera erortzen dena lehertu egingo da, eta harri hau inoren gainera erortzen bada, txikitu egingo du».

19. Lege-maisu eta apaizburuek Jesusi eskua erantsi nahi izan zioten orduan bertan, ondo jabetu baitziren beraiengatik esan zuela parabola hura. Baina beldur izan zioten jendeari.

Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari

20. Lege-maisuak eta fariseuak Jesus zelatatzen hasi ziren. Zirikatzaile batzuk bidali zizkioten, zintzoarena eginez, hura hitzen batean harrapatzeko eta, hala, gobernariaren esku eta mende jartzeko asmoz.

21. Honela galdetu zioten, bada:—Maisu, badakigu zuzen hitz egiten eta irakasten duzula eta ez duzula kontuan hartzen gizakiaren itxura, baizik eta Jainkoaren bidea behar bezala irakasten duzula.

22. Zilegi al zaigu Zesarri zerga ordaintzea, bai ala ez?

23. Haien maltzurkeriari antzemanik, Jesusek esan zien:

24. —Ea, erakutsi txanpon bat. Norenak dira daramatzan irudia eta izena?Haiek erantzun:—Zesarrenak.

25. Jesusek, orduan:—Eman, bada, Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari.

26. Ezin izan zuten ezertan ere herriaren aurrean harrapatu eta, haren erantzunaz harriturik, hitzik gabe gelditu ziren.

Hildakoen piztueraz

27. Ondoren, saduzear batzuk etorri zitzaizkion Jesusi. Hauek hildakoak ez direla pizten esaten dute. Eta honela galdetu zioten:

28. —Maisu, Moisesek idatzi zigun: Norbaiti anaia ezkondu bat seme-alabarik gabe hiltzen bazaio, ezkon bedi alarguntsarekin, anaiari ondorengoa emateko.

29. «Baziren, bada, zazpi anaia. Zaharrena ezkondu eta seme-alabarik gabe hil zen.

30-31. Bigarrena eta hirugarrena alarguntsarekin ezkondu ziren, eta zazpiak berdin. Eta denak seme-alabarik gabe hil ziren.

32. Azkenik, hil zen emakumea ere.

33. Piztuerakoan, noren emazte izango da, zazpiek izan baitzuten emazte?»

34. Jesusek erantzun zien:—Mundu honetan gizon-emakumeak ezkondu egiten dira;

35. baina datorren munduan eta hildakoen piztueran parte hartzeko Jainkoak gai aurkituko dituenak, gizonezko nahiz emakume, ez dira ezkonduko;

36. izan ere, ez daitezke berriro hil, aingeruen antzeko baitira eta Jainkoaren seme-alaba, piztueran parte dutenez gero.

37. Gainera, hildakoak pizten direla Moisesek berak adierazi zuen, sutan zegoen sasiaren pasartean, Jaunari Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainko deitzen dionean.

38. Ez da hildakoen Jainkoa, biziena baizik, denak bizirik baitaude harentzat.

39. Orduan, lege-maisu batzuek hitza hartu zuten eta esan:—Ederki esan duzu, Maisu.

40. Eta ez ziren ausartzen beste galderarik egitera.

Mesias, Daviden Seme eta Jaun

41. Jesusek galdera hau egin zien: «Nola esaten da Mesias Daviden ondorengo dela?

42. Izan ere, Davidek berak dio Salmoen liburuan: «Hona Jaunak ene Jaunari esana: “Eseri nire eskuinean,

43. zeure etsaiak oinazpian jartzen dizkizudan bitartean”.

44. «Beraz, Davidek Jauna deitzen dio; orduan, nola izan dezake ondorengo?»

Jesusek lege-maisuak salatu

45. Herri guztia entzuten zeukala, Jesusek ikasleei esan zien:

46. «Kontuz lege-maisuekin! Gogoko baitute harro-harro jantzita ibiltzea eta plazetan jendeak beraiei agur egitea; gogoko dituzte sinagogetan lehenengo aulkiak eta jai-otorduetan mahaiburuak;

47. eta azkengabeko otoitzen aitzakiaz, emakume alargunen ondasunak irensten dituzte. Epairik zorrotzena izango dute horrelako horiek».