Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 19:7-20 Elizen Arteko Biblia (EAB)

7. Hori ikusirik, denak marmarka hasi ziren: «Bekatari baten etxera joan duk ostatuz».

8. Zakeok, berriz, zutiturik, Jaunari esan zion:—Jauna, neure ondasunen erdiak behartsuei ematen dizkiet eta, inori ezer ostu badiot, lau halako bihurtuko diot.

9. Jesusek esan zion:—Gaur iritsi da salbamena etxe honetara, gizon hau ere Abrahamen ondorengoa baita.

10. Izan ere, Gizonaren Semea galdua zegoena bilatzera eta salbatzera etorri da.

11. Jendea entzuten ari zitzaiola, Jesusek beste parabola bat kontatu zien, Jerusalemdik hurbil baitzen eta jendeak Jainkoaren erregetza une batetik bestera azalduko zela uste baitzuen:

12. «Handiki bat urrutiko herrialde batera joan zen, errege-izendapena hartzera, gero itzultzekotan.

13. Bere zerbitzarietako hamarri dei egin eta hamar ontzako urre banatu zizkien, esanez: “Jarri irabazian, ni itzuli bitartean”.

14. «Baina herritarrek gorroto zioten eta mandatariak bidali zituzten atzetik, esatera: “Ez dugu hori errege nahi”.

15. «Errege-izendapena harturik itzuli zenean, dirua banatu zieneko morroiak beregana deitu zituen, bakoitzak zer irabazi ote zuen jakiteko.

16. Aurkeztu zen lehenengoa eta esan zion: “Jauna, zure ontzakoak hamar halako eman du”.

17. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi ona! Gauza gutxian leial izan zarenez gero, hartzazu hamar hirietako agintea”.

18. Joan zen, gero, bigarrena eta esan zion: “Jauna, zure ontzakoak bost halako eman du”.

19. Honi ere nagusiak esan zion: “Izan zaitez bost hiriren buru”.

20. Joan zen beste bat eta esan zion: “Jauna, hemen duzu zeure ontzakoa; zapi batean bildua eduki dut.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 19