Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 19:38-48 Elizen Arteko Biblia (EAB)

38. Honela zioten: «Bedeinkatua Jaunaren izenean datorren erregea! Bakea zeruan eta aintza Jainko gorenari!»

39. Jendarteko fariseu batzuek esan zioten Jesusi:—Maisu, egiezu errieta ikasleei!

40. Hark erantzun zien:—Egia esan, hauek isilduko balira, harriek egingo lukete oihu.

41. Jesus, hurbildu eta hiria ikustean, negarrez hasi zen berarengatik,

42. eta esan zuen: «Ai Jerusalem, ulertuko bazenu zuk ere gaur bakerako bidea! Baina ez zara gauza ikusteko.

43. Etorriko zaizu, bai, garaia, zeure etsaiek lubakiz inguratu, setiatu eta alde guztietatik erasoko dizuten garaia;

44. erraustu egingo zaituztete zeu eta zeure bizilagunak, eta ez dizute harririk harri gainean utziko, Jainkoak eskaini dizun salbamen-aukera aintzat hartu ez duzulako».

45. Jesus, tenpluan sarturik, bertan salerosketan ari zirenak kanpora botatzen hasi zen,

46. esanez: «Liburu Santuak dio: Nire etxea otoitz-etxe izango da; zuek, berriz, lapur-zulo egina duzue».

47. Egunero tenpluan irakasten jardun ohi zuen. Apaizburuak, lege-maisuak eta herriko handikiak Jesus hil nahian zebiltzan;

48. baina ez zuten asmatzen zer egin, herri guztia aho zabalik baitzegoen hari entzuten.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 19