Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 19:28-38 Elizen Arteko Biblia (EAB)

28. Hitz hauek esan ondoren, Jerusalemera bidean gora jarraitu zuen Jesusek, denen aurretik.

29. Oliamendi inguruko Betfage eta Betania herrixketara hurbildu zelarik, bere ikasleetako bi bidali zituen Jesusek,

30. esanez: «Zoazte aurreko herrixka horretara; sartzean, astakume bat aurkituko duzue lotuta, gainean inor jarri ez zaiona; askatu eta ekarri niri.

31. Norbaitek zergatik askatzen duzuen galdetuko balizue, erantzun: “Jaunak behar du”».

32. Joan ziren, bada, bidalitakoak, eta Jesusek esan bezala aurkitu zuten dena.

33. Astakumea askatzen ari zirela, jabeek galdetu zieten:—Zergatik askatzen duzue astakumea?

34. —Jaunak behar du —erantzun zuten haiek.

35. Jesusi ekarri zioten eta, beren jantziak astakumeari bizkarrean ezarririk, gainean eserarazi zuten.

36. Eta, pasatzean, jantziak zabaltzen zituzten bidean.

37. Oliamenditik behera hartzera zihoala, ikasle guztiak multzoan, pozez beterik, Jainkoa ozenki goresten hasi ziren, ikusi zituzten mirari guztiengatik.

38. Honela zioten: «Bedeinkatua Jaunaren izenean datorren erregea! Bakea zeruan eta aintza Jainko gorenari!»

Irakurri kapitulu osoa Lukas 19