Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 19:13-27 Elizen Arteko Biblia (EAB)

13. Bere zerbitzarietako hamarri dei egin eta hamar ontzako urre banatu zizkien, esanez: “Jarri irabazian, ni itzuli bitartean”.

14. «Baina herritarrek gorroto zioten eta mandatariak bidali zituzten atzetik, esatera: “Ez dugu hori errege nahi”.

15. «Errege-izendapena harturik itzuli zenean, dirua banatu zieneko morroiak beregana deitu zituen, bakoitzak zer irabazi ote zuen jakiteko.

16. Aurkeztu zen lehenengoa eta esan zion: “Jauna, zure ontzakoak hamar halako eman du”.

17. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi ona! Gauza gutxian leial izan zarenez gero, hartzazu hamar hirietako agintea”.

18. Joan zen, gero, bigarrena eta esan zion: “Jauna, zure ontzakoak bost halako eman du”.

19. Honi ere nagusiak esan zion: “Izan zaitez bost hiriren buru”.

20. Joan zen beste bat eta esan zion: “Jauna, hemen duzu zeure ontzakoa; zapi batean bildua eduki dut.

21. Beldur nizun, gizon gogorra zarelako, eman gabea eskatzen eta erein gabea biltzen duzuna”.

22. Nagusiak, orduan: “Zeure esanez kondenatuko zaitut, morroi gaizto hori! Bazenekien gizon gogorra naizena, eman gabea eskatzen eta erein gabea biltzen dudana.

23. Nolatan ez zenuen, bada, nire dirua bankuan ipini? Horrela, itzultzean, korrituekin jasoko nuen”.

24. Eta bertan zeudenei esan zien: “Ken iezaiozue ontzakoa eta eman hamar dituenari”.

25. Haiek erantzun zioten: “Jauna, lehendik hamar ontzako ez ditu, bada?”

26. Nagusiak erantzun zien: “Fruitua dakarrenari eman egingo zaio; fruiturik ez dakarrenari, ordea, daukan apurra ere kendu egingo zaio.

27. Eta errege nahi ez ninduten etsai horiek, berriz, ekarri hona eta hil itzazue nire aurrean”».

Irakurri kapitulu osoa Lukas 19