Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 17:22-36 Elizen Arteko Biblia (EAB)

22. Gero, ikasleei esan zien: «Iritsiko zaizue Gizonaren Semearen etorrerako egun bat bederen ikusi nahi izango duzuen garaia, baina ez duzue ikusiko.

23. Orduan, “Hona hemen, hara han” esango dizuete. Baina zuek ez joan, ez atera atzetik lasterka.

24. Izan ere, tximistak une batean zerualde batetik besteraino distira egiten duen bezala, hala izango da Gizonaren Semea etorriko den egunean.

25. Baina aurretik asko sufritu behar du, eta gizaldi honek gaitzetsi egingo du.

26. «Noeren garaian bezala gertatuko da Gizonaren Semearen garaian ere.

27. Jan-edanean ziharduen jendeak, eta ezkondu egiten ziren, Noe ontzian sartu zen arte; baina etorri zen uholdea eta denak galdu zituen.

28. «Gauza bera gertatu zen Loten garaian ere: jan eta edan, saldu eta erosi, landatu eta eraiki egiten zuen jendeak;

29. baina Lot Sodomatik atera zen egunean, su eta sufrezko euria egin zuen zerutik eta denak galdu zituen.

30. «Hala gertatuko da Gizonaren Semea agertuko den egunean ere.

31. Egun hartan, etxe gainean dagoena eta bere gauzak etxean dituena ez bedi hartzera jaits; era berean, soroan dena ez bedi atzera itzul.

32. Oroitu Loten emazteaz.

33. «Bere bizia segurtatu nahi duenak galdu egingo du; galtzen duenak, berriz, onik aterako du.

34. Egia esan, gau hartan bi egongo dira ohe berean: bata eraman eta bestea utzi egingo dute.

35. Bi emakume ariko dira batera ehotzen: bata eraman eta bestea utzi egingo dute». (

36. ).

Irakurri kapitulu osoa Lukas 17