Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 3:8-19 Elizen Arteko Biblia (EAB)

8. Haizeak edonondik jotzen du; entzuten duzu haren hotsa, baina ez dakizu nondik datorren, ez nora doan. Gauza bera gertatzen da Espiritutik jaioarekin.

9. Nikodemok galdegin zion:—Nola gerta daiteke hori?

10. Jesusek erantzun:—Eta zuk, Israelen maisu izanik, ez dakizu hori?

11. Bene-benetan diotsut: Dakiguna esaten dugu guk, eta ikusi duguna aitortzen; baina zuek ez duzue gure testigantza onartzen.

12. Nik lurreko gauzak esatean sinesten ez badidazue, nola sinetsiko didazue zerukoak esatean?

13. «Ez da inor zerura igo, zerutik jaitsi zena baizik, Gizonaren Semea.

14. Eta Moisesek basamortuan brontzezko sugea hagan jaso zuen bezala, halaxe izan behar du jasoa Gizonaren Semeak,

15. harengan sinesten duten guztiek betiko bizia izan dezaten.

16. «Izan ere, Jainkoak hain maite izan zuen mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion, harengan sinesten duenik inor gal ez dadin, baizik betiko bizia izan dezan.

17. Zeren Jainkoak ez baitzuen Semea mundura bidali mundua kondenatzeko, haren bitartez salbatzeko baizik.

18. Harengan sinesten duena ez da kondenatua; sinesten ez duena, ordea, kondenatua dago jadanik, ez baitu sinetsi Jainkoaren Seme bakarrarengan.

19. Hauxe da kondenaren arrazoia: argia mundura etorria dela eta gizakiak ilunpea maiteago izan duela argia baino, beraren jokabidea gaiztoa delako.

Irakurri kapitulu osoa Joan 3