Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21

Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 3 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Jesus eta Nikodemo

1. Nikodemo zeritzan gizon batek, fariseuen taldekoa eta juduen buruetakoa bera,

2. gauez Jesusengana etorri eta esan zion:—Maisu, ziur gaude Jainkoak guri irakasteko bidali zaituena, inork ez baititzake egin zuk egiten dituzun mirarizko seinaleak, Jainkoa berekin ez badu.

3. Jesusek erantzun zion:—Bene-benetan diotsut: Ezin du inork Jainkoaren erreinua ikusi, berriro jaiotzen ez bada.

4. Nikodemok galdetu:—Nola jaio daiteke norbait, jadanik zaharra izanik? Sar ote daiteke amaren sabelean eta berriro jaio?

5. Jesusek erantzun:—Bene-benetan diotsut: Ezin izango da inor Jainkoaren erreinuan sartu, uretik eta Espiritutik jaiotzen ez bada.

6. Gizakiagandik berez jaioa gizaki da, Espiritutik jaioa espiritu.

7. Ez harritu berriro jaio behar duzuela esan dizudalako.

8. Haizeak edonondik jotzen du; entzuten duzu haren hotsa, baina ez dakizu nondik datorren, ez nora doan. Gauza bera gertatzen da Espiritutik jaioarekin.

9. Nikodemok galdegin zion:—Nola gerta daiteke hori?

10. Jesusek erantzun:—Eta zuk, Israelen maisu izanik, ez dakizu hori?

11. Bene-benetan diotsut: Dakiguna esaten dugu guk, eta ikusi duguna aitortzen; baina zuek ez duzue gure testigantza onartzen.

12. Nik lurreko gauzak esatean sinesten ez badidazue, nola sinetsiko didazue zerukoak esatean?

13. «Ez da inor zerura igo, zerutik jaitsi zena baizik, Gizonaren Semea.

14. Eta Moisesek basamortuan brontzezko sugea hagan jaso zuen bezala, halaxe izan behar du jasoa Gizonaren Semeak,

15. harengan sinesten duten guztiek betiko bizia izan dezaten.

16. «Izan ere, Jainkoak hain maite izan zuen mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion, harengan sinesten duenik inor gal ez dadin, baizik betiko bizia izan dezan.

17. Zeren Jainkoak ez baitzuen Semea mundura bidali mundua kondenatzeko, haren bitartez salbatzeko baizik.

18. Harengan sinesten duena ez da kondenatua; sinesten ez duena, ordea, kondenatua dago jadanik, ez baitu sinetsi Jainkoaren Seme bakarrarengan.

19. Hauxe da kondenaren arrazoia: argia mundura etorria dela eta gizakiak ilunpea maiteago izan duela argia baino, beraren jokabidea gaiztoa delako.

20. Izan ere, gaizki jokatzen duenak gorroto dio argiari, eta ez da hurbiltzen argitara, beraren jokabidea agerian geldi ez dadin.

21. Egiaren arabera ari dena, ordea, argitara hurbiltzen da, beraren egintzak Jainkoaren borondatearen arabera eginak direla ager dadin».

Joan Bataiatzailearen azken testigantza

22. Geroago, Jesus Judea aldera joan zen bere ikasleekin, eta han egon ziren aldi batez, bataiatzen.

23. Joan ere bataiatzen ari zen Enon-en, Salim ondoan, ur asko baitzen han. Eta jendea bataiatzera etortzen zitzaion.

24. Garai hartan Joan ez zegoen oraindik preso.

25. Joanen ikasleen eta judu baten artean eztabaida sortu zen garbikuntza-ohikuneez.

26. Eta Joanengana etorri eta esan zioten:—Hara, Maisu; Jordanez beste aldean zurekin zen hura, zuk testigantza egin zeniona, orain bataiatzen ari da, eta berarengana doaz denak.

27. Joanek erantzun zien:—Gizakiak ez du ezer Jainkoak ematen diona baizik.

28. Zeuek zaituztet lekuko zera esan nuela: «Ez naiz ni Mesias, haren aurretik bidalia baizik».

29. Emaztea senarrarena da. Senarraren adiskidea senarraren ondoan egoten da, hari entzuteaz pozik. Horixe dut nik ere poza, poz bete-betea.

30. Hark hazi egin behar du eta nik txikiagotu.

Goitik datorrena

31. «Goitik datorrena denen gain dago. Lurretik sortua lurrekoa da, eta lurrekoaz mintzo da; zerutik datorrenak

32. ikusi eta entzun duena testigatzen du; baina haren testigantza ez du inork onartzen.

33. Haren testigantza onartzen duenak, Jainkoak egia dioela baieztatzen du.

34. Izan ere, Jainkoak bidaliak hitz egitean, Jainkoak berak hitz egiten du, neurririk gabe ematen baitio bere Espiritua.

35. Aitak Semea maite du, eta haren esku jarri du dena.

36. Semearengan sinesten duenak betiko bizia du; baina Semearengan sinetsi nahi ez duenak ez du bizia ikusiko, baizik eta Jainkoaren zigorra du bere gain».