Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 3:20-36 Elizen Arteko Biblia (EAB)

20. Izan ere, gaizki jokatzen duenak gorroto dio argiari, eta ez da hurbiltzen argitara, beraren jokabidea agerian geldi ez dadin.

21. Egiaren arabera ari dena, ordea, argitara hurbiltzen da, beraren egintzak Jainkoaren borondatearen arabera eginak direla ager dadin».

22. Geroago, Jesus Judea aldera joan zen bere ikasleekin, eta han egon ziren aldi batez, bataiatzen.

23. Joan ere bataiatzen ari zen Enon-en, Salim ondoan, ur asko baitzen han. Eta jendea bataiatzera etortzen zitzaion.

24. Garai hartan Joan ez zegoen oraindik preso.

25. Joanen ikasleen eta judu baten artean eztabaida sortu zen garbikuntza-ohikuneez.

26. Eta Joanengana etorri eta esan zioten:—Hara, Maisu; Jordanez beste aldean zurekin zen hura, zuk testigantza egin zeniona, orain bataiatzen ari da, eta berarengana doaz denak.

27. Joanek erantzun zien:—Gizakiak ez du ezer Jainkoak ematen diona baizik.

28. Zeuek zaituztet lekuko zera esan nuela: «Ez naiz ni Mesias, haren aurretik bidalia baizik».

29. Emaztea senarrarena da. Senarraren adiskidea senarraren ondoan egoten da, hari entzuteaz pozik. Horixe dut nik ere poza, poz bete-betea.

30. Hark hazi egin behar du eta nik txikiagotu.

31. «Goitik datorrena denen gain dago. Lurretik sortua lurrekoa da, eta lurrekoaz mintzo da; zerutik datorrenak

32. ikusi eta entzun duena testigatzen du; baina haren testigantza ez du inork onartzen.

33. Haren testigantza onartzen duenak, Jainkoak egia dioela baieztatzen du.

34. Izan ere, Jainkoak bidaliak hitz egitean, Jainkoak berak hitz egiten du, neurririk gabe ematen baitio bere Espiritua.

35. Aitak Semea maite du, eta haren esku jarri du dena.

36. Semearengan sinesten duenak betiko bizia du; baina Semearengan sinetsi nahi ez duenak ez du bizia ikusiko, baizik eta Jainkoaren zigorra du bere gain».

Irakurri kapitulu osoa Joan 3