Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 19:18-34 Elizen Arteko Biblia (EAB)

18. Han josi zuten gurutzean eta harekin beste bi, alde bakoitzean bana.

19. Pilatok kartel bat idatzi eta gurutze gainean ezarri zuen. Hau zegoen idatzia: «Jesus Nazaretarra, juduen erregea».

20. Judu askok irakurri zuen kartela, hiritik hurbil baitzegoen Jesus gurutziltzatu zuten lekua; gainera, hebreeraz, latinez eta grekoz zegoen idatzia.

21. Juduen apaizburuek esan zioten Pilatori:—Ez idatzi «juduen erregea», «juduen erregea dela dioena» baizik.

22. Pilatok erantzun zuen:—Idatzitakoa idatzia bego.

23. Soldaduek, Jesus gurutziltzatu ondoren, haren jantziak hartu eta lau zati egin zituzten, bakoitzarentzat bana; gero tunika hartu zuten, baina josturarik gabea zenez, goitik behera ehundua,

24. akordio hau hartu zuten: «Ez dezagun urra; zotz egin dezagun ea zeini egokitzen zaion». Honela, Liburu Santuak dioena bete zen: Nire jantziak banatzen dituzte, nire tunika zotz egiten.Hain zuzen ere, horixe egin zuten soldaduek.

25. Jesusen gurutzearen ondoan zeuden haren ama, amaren ahizpa, Maria Kleofasen emaztea, eta Magdalako Maria.

26. Jesusek, bere ama eta honen ondoan maite zuen ikaslea ikusirik, esan zion amari: «Emakume, horra hor zure semea».

27. Gero, ikasleari esan zion: «Horra hor zure ama». Eta ordudanik ikasleak bere etxean hartu zuen.

28. Ondoren, Jesusek, guztia betea zegoela jakinik, Liburu Santuak esana erabat bete zedin, esan zuen: «Egarri naiz».

29. Bazen han pitxer bat ozpinez betea. Orduan, belaki bat ozpinetan busti eta, kanabera bati muturrean erantsirik, ahora hurbildu zioten.

30. Ozpina edan zuenean, Jesusek esan zuen: «Betea da dena». Eta, burua makurtuz, azken arnasa eman zuen.

31. Pazko-jairako prestaketak egiteko eguna zen, eta judu-agintariek ez zuten nahi gorpuak larunbatez gurutzean gelditzerik, larunbat hura oso jaiegun handia baitzen. Horregatik, gurutziltzatuei berna-hezurrak hautsi eta handik kentzeko eskatu zioten Pilatori.

32. Joan ziren, bada, soldaduak eta hautsi zizkieten berna-hezurrak Jesusekin gurutziltzatu zituzten biei.

33. Baina, Jesusengana iristean, ordurako hilik zegoela ikusirik, ez zizkioten berna-hezurrak hautsi;

34. soldadu batek saihetsa zulatu zion lantzaz, eta bat-batean odola eta ura atera ziren.

Irakurri kapitulu osoa Joan 19