Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21

Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 19 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Pilatok, orduan, Jesus zigorkatzeko agindu zuen.

2. Soldaduek, arantzazko koroa bat eginik, buruan ezarri zioten eta purpurazko mantu bat bota zioten gainera.

3. Eta bata bestearen ondoren hurbilduz, esaten zioten: «Agur, juduen errege!» Eta masailekoka zerabilten.

4. Atera zen berriro ere Pilato eta esan zien:—Hara, kanpora dakarkizuet, jakin dezazuen gizon hau kondenatzeko arrazoirik ez dudala aurkitzen.

5. Orduan, Jesus kanpora irten zen arantzazko koroa eta purpurazko mantua zeramatzala. Pilatok esan zien:—Hemen duzue gizona!

6. Ikusi zutenean, apaizburuak eta guardiak oihuka hasi ziren:—Gurutzera, gurutzera hori!Pilatok esan zien:—Eraman zeuek eta gurutziltzatu; nik ez dut gizon hau kondenatzeko arrazoirik aurkitzen.

7. Judu-agintariek ihardetsi zioten:—Guk badugu lege bat, eta lege horren arabera heriotza-zigorra merezi du, Jainkoaren semetzat jo baitu bere burua.

8. Hori entzutean, are gehiago beldurtu zen Pilato.

9. Berriro jauregira sartu eta galdetu zion Jesusi:—Nongoa zara zu?Jesusek, ordea, ez zion erantzun ere egin.

10. Orduan, Pilatok esan zion:—Ez didazu erantzun behar? Ez al dakizu aginpidea dudana zu askatzeko ala gurutziltzatzeko?

11. Jesusek erantzun zion:—Ez zenuke nire aurka batere aginpiderik izango, Jainkoak eman ez balizu; horregatik, zure eskuetara eman nautenek bekatu handiagoa dute.

12. Ordudanik, Jesus askatu nahian zebilen Pilato. Baina judu-agintariak oihuka hasi zitzaizkion:—Hori askatzen baduzu, ez zara enperadorearen adiskide; bere burua errege egiten duen oro enperadorearen aurka ari da.

13. Orduan, hitz hauek entzutean, Pilatok kanpora eraman zuen Jesus eta auzitegian eseri zen, «Harlosatua» —hebreeraz Gabata— zeritzan tokian.

14. Pazko-jairako prestaketak egiteko eguna zen, eguerdi aldea. Pilatok esan zien juduei:—Hemen duzue zeuen erregea.

15. Orduan, haiek oihuka:—Kendu hori, kendu! Gurutzera!Pilatok, berriro:—Zuen erregea behar al dut gurutziltzatu?Apaizburuek erantzun zuten:—Ez dugu enperadorea beste erregerik.

16. Orduan, Pilatok haien esku utzi zuen gurutziltza zezaten.Hartu zuten, beraz, Jesus,

Jesus gurutziltzatua

17. eta hau, gurutzea lepoan zuela, hiritik «Burezur» —hebreeraz Golgota— zeritzan tokirantz irten zen.

18. Han josi zuten gurutzean eta harekin beste bi, alde bakoitzean bana.

19. Pilatok kartel bat idatzi eta gurutze gainean ezarri zuen. Hau zegoen idatzia: «Jesus Nazaretarra, juduen erregea».

20. Judu askok irakurri zuen kartela, hiritik hurbil baitzegoen Jesus gurutziltzatu zuten lekua; gainera, hebreeraz, latinez eta grekoz zegoen idatzia.

21. Juduen apaizburuek esan zioten Pilatori:—Ez idatzi «juduen erregea», «juduen erregea dela dioena» baizik.

22. Pilatok erantzun zuen:—Idatzitakoa idatzia bego.

23. Soldaduek, Jesus gurutziltzatu ondoren, haren jantziak hartu eta lau zati egin zituzten, bakoitzarentzat bana; gero tunika hartu zuten, baina josturarik gabea zenez, goitik behera ehundua,

24. akordio hau hartu zuten: «Ez dezagun urra; zotz egin dezagun ea zeini egokitzen zaion». Honela, Liburu Santuak dioena bete zen: Nire jantziak banatzen dituzte, nire tunika zotz egiten.Hain zuzen ere, horixe egin zuten soldaduek.

Jesus eta beronen ama

25. Jesusen gurutzearen ondoan zeuden haren ama, amaren ahizpa, Maria Kleofasen emaztea, eta Magdalako Maria.

26. Jesusek, bere ama eta honen ondoan maite zuen ikaslea ikusirik, esan zion amari: «Emakume, horra hor zure semea».

27. Gero, ikasleari esan zion: «Horra hor zure ama». Eta ordudanik ikasleak bere etxean hartu zuen.

Jesusen heriotza

28. Ondoren, Jesusek, guztia betea zegoela jakinik, Liburu Santuak esana erabat bete zedin, esan zuen: «Egarri naiz».

29. Bazen han pitxer bat ozpinez betea. Orduan, belaki bat ozpinetan busti eta, kanabera bati muturrean erantsirik, ahora hurbildu zioten.

30. Ozpina edan zuenean, Jesusek esan zuen: «Betea da dena». Eta, burua makurtuz, azken arnasa eman zuen.

Jesusen saihetsa lantzaz zulatua

31. Pazko-jairako prestaketak egiteko eguna zen, eta judu-agintariek ez zuten nahi gorpuak larunbatez gurutzean gelditzerik, larunbat hura oso jaiegun handia baitzen. Horregatik, gurutziltzatuei berna-hezurrak hautsi eta handik kentzeko eskatu zioten Pilatori.

32. Joan ziren, bada, soldaduak eta hautsi zizkieten berna-hezurrak Jesusekin gurutziltzatu zituzten biei.

33. Baina, Jesusengana iristean, ordurako hilik zegoela ikusirik, ez zizkioten berna-hezurrak hautsi;

34. soldadu batek saihetsa zulatu zion lantzaz, eta bat-batean odola eta ura atera ziren.

35. Ikusi zuenak berak testigatzen du eta haren testigantza egiazkoa da. Berak badaki egia dioena, zuek ere sinets dezazuen.

36. Hau Liburu Santuak dioena bete zedin gertatu zen: Ez zaio hezurrik hautsiko.

37. Eta beste pasarte batean hau dio: Zulatu zutenari begiratuko diote.

Jesus hilobian ezarria

38. Jose Arimateakoak Jesusen gorpua eramateko baimena eskatu zion Pilatori. Jose Jesusen ikasleetakoa zen, baina isilpean, judu-agintarien beldurrez. Pilatok baimena eman zion, eta Josek joan eta eraman egin zuen haren gorpua.

39. Etorri zen Nikodemo ere —behin batean gauez Jesus ikustera joan zen hura— hogeita hamarren bat kiloko mirra- eta aloe-nahastura zekarrela.

40. Jesusen gorpua bien artean hartu eta oihal-zerrendaz lotu zuten, tartean lurringaiak ezarriz, juduek hobiratzeko zuten ohiturari jarraituz.

41. Jesus gurutziltzatu zuten lekutik hurbil baratze bat zegoen eta, baratzean, ordu arte inor ipini gabeko hilobi berri bat.

42. Hilobia hurbil zegoenez, hantxe ezarri zuten Jesusen gorpua, juduen atseden-eguna hastear baitzegoen.