Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 19:12-21 Elizen Arteko Biblia (EAB)

12. Ordudanik, Jesus askatu nahian zebilen Pilato. Baina judu-agintariak oihuka hasi zitzaizkion:—Hori askatzen baduzu, ez zara enperadorearen adiskide; bere burua errege egiten duen oro enperadorearen aurka ari da.

13. Orduan, hitz hauek entzutean, Pilatok kanpora eraman zuen Jesus eta auzitegian eseri zen, «Harlosatua» —hebreeraz Gabata— zeritzan tokian.

14. Pazko-jairako prestaketak egiteko eguna zen, eguerdi aldea. Pilatok esan zien juduei:—Hemen duzue zeuen erregea.

15. Orduan, haiek oihuka:—Kendu hori, kendu! Gurutzera!Pilatok, berriro:—Zuen erregea behar al dut gurutziltzatu?Apaizburuek erantzun zuten:—Ez dugu enperadorea beste erregerik.

16. Orduan, Pilatok haien esku utzi zuen gurutziltza zezaten.Hartu zuten, beraz, Jesus,

17. eta hau, gurutzea lepoan zuela, hiritik «Burezur» —hebreeraz Golgota— zeritzan tokirantz irten zen.

18. Han josi zuten gurutzean eta harekin beste bi, alde bakoitzean bana.

19. Pilatok kartel bat idatzi eta gurutze gainean ezarri zuen. Hau zegoen idatzia: «Jesus Nazaretarra, juduen erregea».

20. Judu askok irakurri zuen kartela, hiritik hurbil baitzegoen Jesus gurutziltzatu zuten lekua; gainera, hebreeraz, latinez eta grekoz zegoen idatzia.

21. Juduen apaizburuek esan zioten Pilatori:—Ez idatzi «juduen erregea», «juduen erregea dela dioena» baizik.

Irakurri kapitulu osoa Joan 19