Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 19:10-18 Elizen Arteko Biblia (EAB)

10. Orduan, Pilatok esan zion:—Ez didazu erantzun behar? Ez al dakizu aginpidea dudana zu askatzeko ala gurutziltzatzeko?

11. Jesusek erantzun zion:—Ez zenuke nire aurka batere aginpiderik izango, Jainkoak eman ez balizu; horregatik, zure eskuetara eman nautenek bekatu handiagoa dute.

12. Ordudanik, Jesus askatu nahian zebilen Pilato. Baina judu-agintariak oihuka hasi zitzaizkion:—Hori askatzen baduzu, ez zara enperadorearen adiskide; bere burua errege egiten duen oro enperadorearen aurka ari da.

13. Orduan, hitz hauek entzutean, Pilatok kanpora eraman zuen Jesus eta auzitegian eseri zen, «Harlosatua» —hebreeraz Gabata— zeritzan tokian.

14. Pazko-jairako prestaketak egiteko eguna zen, eguerdi aldea. Pilatok esan zien juduei:—Hemen duzue zeuen erregea.

15. Orduan, haiek oihuka:—Kendu hori, kendu! Gurutzera!Pilatok, berriro:—Zuen erregea behar al dut gurutziltzatu?Apaizburuek erantzun zuten:—Ez dugu enperadorea beste erregerik.

16. Orduan, Pilatok haien esku utzi zuen gurutziltza zezaten.Hartu zuten, beraz, Jesus,

17. eta hau, gurutzea lepoan zuela, hiritik «Burezur» —hebreeraz Golgota— zeritzan tokirantz irten zen.

18. Han josi zuten gurutzean eta harekin beste bi, alde bakoitzean bana.

Irakurri kapitulu osoa Joan 19