Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 15:1-10 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. «Neu naiz egiazko mahatsondoa, eta nire Aita da nekazaria.

2. Fruiturik ematen ez duen aihena ebaki egiten du Aitak, eta fruitua ematen duena garbitu eta kimatu, fruitu gehiago eman dezan.

3. Zuek garbi zaudete dagoeneko, adierazi dizuedan mezuaren bidez.

4. Zaudete niri itsatsiak, ni zuei bezala. Aihenak, mahatsondoari itsatsia ez badago, fruiturik eman ezin duen bezala, ezta zuek ere, niri itsatsiak ez bazaudete.

5. «Ni naiz mahatsondoa eta zuek aihenak. Norbait niri itsatsia badago, ni berari bezala, horrek fruitu asko emango du; ni gabe ezin baituzue ezer egin.

6. Niri itsatsirik ez dagoena kanpora botatzen dute, ebaki eta ihartzen den aihena bezalaxe; gero, bildu, sutara bota eta erre egiten dute.

7. Niri itsatsirik bazaudete eta nire irakatsiek zuengan tinko irauten badute, eskatu nahi duzuena eta izango duzue.

8. Honetan azaltzen da nire Aitaren aintza: zuek, nire ikasle izanik, fruitu asko ematean.

9. Aitak maite nauen bezala, halaxe maite zaituztet nik ere zuek; iraun tinko nire maitasunean.

10. Nire aginduak betetzen badituzue, nire maitasunean iraungo duzue, nik neure Aitaren aginduak betez haren maitasunean irauten dudan bezala.

Irakurri kapitulu osoa Joan 15