Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21

Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 15 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Jesus egiazko mahatsondoa

1. «Neu naiz egiazko mahatsondoa, eta nire Aita da nekazaria.

2. Fruiturik ematen ez duen aihena ebaki egiten du Aitak, eta fruitua ematen duena garbitu eta kimatu, fruitu gehiago eman dezan.

3. Zuek garbi zaudete dagoeneko, adierazi dizuedan mezuaren bidez.

4. Zaudete niri itsatsiak, ni zuei bezala. Aihenak, mahatsondoari itsatsia ez badago, fruiturik eman ezin duen bezala, ezta zuek ere, niri itsatsiak ez bazaudete.

5. «Ni naiz mahatsondoa eta zuek aihenak. Norbait niri itsatsia badago, ni berari bezala, horrek fruitu asko emango du; ni gabe ezin baituzue ezer egin.

6. Niri itsatsirik ez dagoena kanpora botatzen dute, ebaki eta ihartzen den aihena bezalaxe; gero, bildu, sutara bota eta erre egiten dute.

7. Niri itsatsirik bazaudete eta nire irakatsiek zuengan tinko irauten badute, eskatu nahi duzuena eta izango duzue.

8. Honetan azaltzen da nire Aitaren aintza: zuek, nire ikasle izanik, fruitu asko ematean.

9. Aitak maite nauen bezala, halaxe maite zaituztet nik ere zuek; iraun tinko nire maitasunean.

10. Nire aginduak betetzen badituzue, nire maitasunean iraungo duzue, nik neure Aitaren aginduak betez haren maitasunean irauten dudan bezala.

11. Hau guztia nire poza zeuengan izan dezazuen esan dizuet, eta poz hori bete-betea izan dadin.

Maitasunaren agindua

12. «Hau da nire agindua: maita dezazuela elkar nik maite izan zaituztedan bezala.

13. Ez die inork maitasun handiagorik adiskideei, bere burua haien alde ematen duenak baino.

14. Zuek nire adiskide izango zarete, nik agintzen dizuedana egiten baduzue.

15. Aurrerantzean ez dizuet morroi deituko, morroiak ez baitu jakiten nagusiaren asmoen berri; zuei adiskide deitzen dizuet, neure Aitak jakinarazitako guztia adierazi baitizuet.

16. Ez ninduzuen zuek ni aukeratu, neuk zintuztedan zuek aukeratu. Eta eginkizun hau eman dizuet: edonon fruitu ugaria eta iraunkorra eman dezazuela. Nire izenean Aitari eskatuko diozuen guztia, eman egingo dizue.

17. Hauxe agintzen dizuet: maita dezazuela elkar.

Mundu sinesgabea Jesusen ikasleen aurka

18. «Munduak gorroto badizue, jakizue zuei baino lehen neuri izan didala gorroto.

19. Mundukoak bazinete, munduak maite izango zintuzkete, nork berea maite duen bezala; baina nik aukeratu eta mundutik atera zintuztedanez, munduak gorroto dizue, mundukoak ez zaretelako.

20. Gogoratu esan nizuena: morroia ez da nagusia baino handiago. Ni pertsegitu banaute, zuek ere pertsegituko zaituztete; nire mezua nola hartu, hala hartuko dute zuena ere.

21. Niregatik erabiliko zaituztete horrela, bidali nauena ezagutzen ez dutelako.

22. «Ni etorri ez banintz eta hitz egin ez banie, ez ziren errudun izango; orain, ordea, ez dute aitzakiarik beren bekatuarentzat.

23. Niri gorroto didanak, gorroto dio nire Aitari ere.

24. Beraien artean beste inork ez bezalako egintzak egin ez banitu, ez ziren errudun izango; baina orain ikusi dituzte, eta halere niri eta Aitari, bioi digute gorroto.

25. Horrela, haien Liburu Santuetan idatzia dagoen hau bete da: Arrazoirik gabe gorroto izan didate.

Espirituaren eta ikasleen testigantza

26. «Nik Laguntzailea, Aitarengan jatorria duen egiaren Espiritua, bidaliko dizuet Aitaren ondotik. Etortzean, hark egingo du testigantza nire alde.

27. Eta zuek ere egingo duzue testigantza, hasieratik nirekin egon baitzarete.