Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 14:11-27 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. Sinets iezadazue: ni Aitarekin bat eginda nago eta Aita nirekin. Besterik ez bada, sinetsi egiten ditudan egintzengatik.

12. Bene-benetan diotsuet: Niregan sinesten duenak nik egiten ditudan egintzak eginen ditu berak ere, eta are handiagoak, ni Aitarengana bainoa.

13. Nire izenean eska dezazuen guztia emango dizuet, Aitaren aintza Semearen bidez azal dadin.

14. Nire izenean eskatuko duzuen guztia emango dizuet nik.

15. «Maite banauzue, beteko dituzue nire aginduak.

16. Nik Aitari eskatuko diot eta beste Laguntzaile bat emango dizue, beti zuekin izango dena,

17. egiaren Espiritua. Mundutarrek ezin dute hartu, ez baitute ikusten, ez ezagutzen; baina zuek ezagutzen duzue, zuengan bizi baita eta zuekin egongo betiko.

18. «Ez zaituztet umezurtz utziko, itzuliko naiz zuengana.

19. Laster munduak ez nau gehiago ikusiko; zuek, ordea, ikusiko nauzue, nik bizia baitut eta zuek ere biziko baitzarete.

20. Egun hartan ulertuko duzue ni Aitarekin bat eginda nagoela, zuek nirekin eta ni zuekin.

21. Nire aginduak onartu eta betetzen dituenak, horrexek nau maite. Ni maite nauena, berriz, nire Aitak maite izango du, eta nik ere maite izango dut eta agertuko natzaio berari».

22. Honela esan zion Judasek —ez Iskariotek, besteak baizik—:—Jauna, zer dela-eta agertuko zatzaizkigu guri eta ez munduari?

23. Jesusek erantzun zion:—Maite nauenak onartuko du nire mezua; nire Aitak maite izango du, eta Aita eta biok berarengana etorriko gara eta berarengan biziko.

24. Maite ez nauenak, ordea, ez ditu onartzen nire hitzak. Eta adierazi dizuedan mezua ez dut neurea, bidali nauen Aitarena baizik.

25. «Zuekin naizen artean esan dizuet hau guztia.

26. Baina Aitak Laguntzailea, Espiritu Santua, bidaliko dizue nire izenean, eta berak gogoraraziko dizue nik irakatsitako guztia eta ulertzen lagunduko.

27. «Agurtzerakoan, bakea, neure bakea, ematen dizuet; nik ematen dizuedan bakea ez da munduarena bezalakoa. Ez kezkatu, ez izan beldur.

Irakurri kapitulu osoa Joan 14