Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21

Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 14 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Jesus eta Aita

1. «Ez izan kezkarik: sinetsi Jainkoarengan eta sinetsi niregan ere.

2. Nire Aitarenean toki asko dago; horrela izan ez balitz, esango nizuekeen. Orain, zuentzat tokia prestatzera noa.

3. Joan eta tokia prestatu ondoren, berriro etorri eta neurekin eramango zaituztet, ni nagoen lekuan zuek ere egon zaitezten.

4. Zuek badakizue ni noan tokirako bidea».

5. Tomasek esan zion:—Jauna, ez dakigu nora zoazen; nola jakin bidea?

6. Jesusek erantzun:—Neu naiz bidea, egia eta bizia. Ezin da inor Aitarengana joan nire bidez izan ezik.

7. Ni benetan ezagutuko baninduzue, Aita ere ezagutuko zenukete. Are gehiago, ezagutzen duzue dagoeneko, eta ikusi ere ikusi duzue.

8. Orduan, Felipek esan zion:—Jauna, erakuts iezaguzu Aita, eta aski dugu.

9. Jesusek erantzun:—Honenbeste denbora zuekin, Felipe, eta ez nauzu ezagutzen? Ni ikusten nauenak Aita ere ikusten du. Nola diozu: «Erakuts iezaguzu Aita?»

10. Ez al duzu sinesten ni Aitarekin bat eginda nagoela eta Aita nirekin? Nik irakatsi dizuedana ez dizuet neure kabuz irakatsi. Niregan bizi den Aita da bere salbamen-egintza burutzen ari dena.

11. Sinets iezadazue: ni Aitarekin bat eginda nago eta Aita nirekin. Besterik ez bada, sinetsi egiten ditudan egintzengatik.

12. Bene-benetan diotsuet: Niregan sinesten duenak nik egiten ditudan egintzak eginen ditu berak ere, eta are handiagoak, ni Aitarengana bainoa.

13. Nire izenean eska dezazuen guztia emango dizuet, Aitaren aintza Semearen bidez azal dadin.

14. Nire izenean eskatuko duzuen guztia emango dizuet nik.

Jesusek Espiritua agindu

15. «Maite banauzue, beteko dituzue nire aginduak.

16. Nik Aitari eskatuko diot eta beste Laguntzaile bat emango dizue, beti zuekin izango dena,

17. egiaren Espiritua. Mundutarrek ezin dute hartu, ez baitute ikusten, ez ezagutzen; baina zuek ezagutzen duzue, zuengan bizi baita eta zuekin egongo betiko.

18. «Ez zaituztet umezurtz utziko, itzuliko naiz zuengana.

19. Laster munduak ez nau gehiago ikusiko; zuek, ordea, ikusiko nauzue, nik bizia baitut eta zuek ere biziko baitzarete.

20. Egun hartan ulertuko duzue ni Aitarekin bat eginda nagoela, zuek nirekin eta ni zuekin.

21. Nire aginduak onartu eta betetzen dituenak, horrexek nau maite. Ni maite nauena, berriz, nire Aitak maite izango du, eta nik ere maite izango dut eta agertuko natzaio berari».

22. Honela esan zion Judasek —ez Iskariotek, besteak baizik—:—Jauna, zer dela-eta agertuko zatzaizkigu guri eta ez munduari?

23. Jesusek erantzun zion:—Maite nauenak onartuko du nire mezua; nire Aitak maite izango du, eta Aita eta biok berarengana etorriko gara eta berarengan biziko.

24. Maite ez nauenak, ordea, ez ditu onartzen nire hitzak. Eta adierazi dizuedan mezua ez dut neurea, bidali nauen Aitarena baizik.

25. «Zuekin naizen artean esan dizuet hau guztia.

26. Baina Aitak Laguntzailea, Espiritu Santua, bidaliko dizue nire izenean, eta berak gogoraraziko dizue nik irakatsitako guztia eta ulertzen lagunduko.

Agurra: Bakearen dohaina

27. «Agurtzerakoan, bakea, neure bakea, ematen dizuet; nik ematen dizuedan bakea ez da munduarena bezalakoa. Ez kezkatu, ez izan beldur.

28. Entzun duzue esan dizuedana: “Banoa, baina itzuliko naiz zuengana”. Benetan maite baninduzue, poztu egingo zinatekete Aitarengana noalako, Aita ni baino handiago baita.

29. Eta orain esan dizuet, gertatu baino lehen, gerta dadinean sinets dezazuen.

30. Ez dut ia zuekin luze hitz egiteko aukerarik, gainean baita mundu honetako buruzagia. Horrek ez du nire gain ahalmenik;

31. baina munduak jakin behar du nik Aita maite dudala eta hark agindua zintzo betetzen dudala. Jaiki, goazen hemendik!