Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 4:8-20 Elizen Arteko Biblia (EAB)

8. Pedrok, Espiritu Santuaz beterik, erantzun zien: «Herriko agintari eta zaharrok,

9. gaur, gaixo bati egin zaion mesedea dela eta, noren eskuz sendatu den galdetzen zaigu.

10. Bego argi, bada, zuentzat eta Israel herri osoarentzat, zuek gurutziltzatu eta Jainkoak hildakoen artetik piztu zuen Jesu Kristo Nazaretarraren ahalmenaz daukazuela gizon hau zeuen aurrean sendaturik.

11. Jesus hauxe da zuek, etxegileok, mespretxaturiko harria, giltzarri gertatu dena.

12. Honengan bakarrik dugu salbamena, ez baitigu Jainkoak gizon-emakumeoi beste inor eman eguzkiaren azpian, salba gaitzakeenik».

13. Pedroren eta Joanen ausardia ikusi eta gizon eskolagabe eta arruntak zirela jabeturik, harrituak zeuden. Bazekiten, alde batetik, Jesusen lagun izanak zirela,

14. eta han zeukaten, bestetik, beren aurrean zutik, sendaturiko gizona. Ez zuten, beraz, aurka egiterik.

15. Hala, biltzarretik ateratzeko agindu zieten eta honela ziharduten beren artean:

16. «Zer egin gizon hauekin? Izan ere, ageri-ageriko miraria egin dute: ongi daki hori Jerusalem osoak, eta ezin dugu ukatu.

17. Alabaina, herrian hori gehiago zabal ez dadin, mehatxatu egingo ditugu, gaurdanik Jesusen izena inori aipa ez diezaioten».

18. Deitu zituzten, bada, eta Jesusi buruz hitz egitea edo irakastea zorrotz debekatu zieten.

19. Baina Pedrok eta Joanek erantzun zieten: «Zeuek ikusi Jainkoarentzat zuzena ote den guk zuen esana egitea harena egin ordez.

20. Guk ezin dugu, inola ere, entzun eta ikusi duguna isilik gorde».

Irakurri kapitulu osoa Eginak 4