Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 4:16-33 Elizen Arteko Biblia (EAB)

16. «Zer egin gizon hauekin? Izan ere, ageri-ageriko miraria egin dute: ongi daki hori Jerusalem osoak, eta ezin dugu ukatu.

17. Alabaina, herrian hori gehiago zabal ez dadin, mehatxatu egingo ditugu, gaurdanik Jesusen izena inori aipa ez diezaioten».

18. Deitu zituzten, bada, eta Jesusi buruz hitz egitea edo irakastea zorrotz debekatu zieten.

19. Baina Pedrok eta Joanek erantzun zieten: «Zeuek ikusi Jainkoarentzat zuzena ote den guk zuen esana egitea harena egin ordez.

20. Guk ezin dugu, inola ere, entzun eta ikusi duguna isilik gorde».

21. Berriro mehatxatu ondoren, askatu egin zituzten. Ez zuten aurkitzen haiek zigortzeko erarik, herriaren beldurrez, jende guztiak Jainkoa goresten baitzuen gertatu zenarengatik.

22. Izan ere, miragarriro sendaturiko gizonak bazituen berrogeitik gora urte.

23. Libre utzi zituztenean, senideengana itzuli ziren, eta apaizburu eta zaharrek esandako guztia kontatu zieten.

24. Entzutean, denek otoitz egin zioten goraki eta aho batez Jainkoari: «Jauna, zuk egin zenituen zeru-lurrak eta itsasoa, eta horietan bizi diren guztiak;

25. zuk esan zenuen Espiritu Santuaren bidez eta gure aita David zeure zerbitzariaren ahoz: «Zergatik dabiltza iskanbilan nazioak, eta asmo ustelak asmatzen herriak?

26. Mundu honetako erregeak altxatu dira, eta agintedunek elkar hartu dute Jaunaren eta berak aukeraturiko Mesiasen aurka.

27. «Bai, hala elkartu dira hiri honetan Herodes eta Pontzio Pilato atzerriko nazioekin eta Israel herriarekin, zuk Mesias egin zenuen Jesus zure zerbitzari santuaren aurka.

28. Horrela, zure ahalmenak eta gogoak aurrez erabakia zutena bete dute horiek.

29. Begira orain, Jauna, nola mehatxatzen gaituzten; emaguzu zeure zerbitzarioi zure hitza ausardia osoz predikatzea.

30. Eta luzatu eskua, zure zerbitzari Jesusen bidez sendakuntza, mirari eta egintza harrigarriak gerta daitezen».

31. Otoitza bukatzearekin batera, bilduak zeudeneko tokia dardaratu egin zen; denak Espiritu Santuaz beterik gelditu ziren, eta Jainkoaren hitza ausardiaz predikatzen zuten.

32. Fededun guztiak bat ziren bihotzez eta gogoz, eta inork ez zuen esaten zeukana berea zuenik, baizik eta dena denena zuten.

33. Apostoluek indar eta eragin handiz egiten zuten Jesus Jaunaren piztueraren testigantza. Jendeak oso estimatuak zituen;

Irakurri kapitulu osoa Eginak 4