Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 4:10-25 Elizen Arteko Biblia (EAB)

10. Bego argi, bada, zuentzat eta Israel herri osoarentzat, zuek gurutziltzatu eta Jainkoak hildakoen artetik piztu zuen Jesu Kristo Nazaretarraren ahalmenaz daukazuela gizon hau zeuen aurrean sendaturik.

11. Jesus hauxe da zuek, etxegileok, mespretxaturiko harria, giltzarri gertatu dena.

12. Honengan bakarrik dugu salbamena, ez baitigu Jainkoak gizon-emakumeoi beste inor eman eguzkiaren azpian, salba gaitzakeenik».

13. Pedroren eta Joanen ausardia ikusi eta gizon eskolagabe eta arruntak zirela jabeturik, harrituak zeuden. Bazekiten, alde batetik, Jesusen lagun izanak zirela,

14. eta han zeukaten, bestetik, beren aurrean zutik, sendaturiko gizona. Ez zuten, beraz, aurka egiterik.

15. Hala, biltzarretik ateratzeko agindu zieten eta honela ziharduten beren artean:

16. «Zer egin gizon hauekin? Izan ere, ageri-ageriko miraria egin dute: ongi daki hori Jerusalem osoak, eta ezin dugu ukatu.

17. Alabaina, herrian hori gehiago zabal ez dadin, mehatxatu egingo ditugu, gaurdanik Jesusen izena inori aipa ez diezaioten».

18. Deitu zituzten, bada, eta Jesusi buruz hitz egitea edo irakastea zorrotz debekatu zieten.

19. Baina Pedrok eta Joanek erantzun zieten: «Zeuek ikusi Jainkoarentzat zuzena ote den guk zuen esana egitea harena egin ordez.

20. Guk ezin dugu, inola ere, entzun eta ikusi duguna isilik gorde».

21. Berriro mehatxatu ondoren, askatu egin zituzten. Ez zuten aurkitzen haiek zigortzeko erarik, herriaren beldurrez, jende guztiak Jainkoa goresten baitzuen gertatu zenarengatik.

22. Izan ere, miragarriro sendaturiko gizonak bazituen berrogeitik gora urte.

23. Libre utzi zituztenean, senideengana itzuli ziren, eta apaizburu eta zaharrek esandako guztia kontatu zieten.

24. Entzutean, denek otoitz egin zioten goraki eta aho batez Jainkoari: «Jauna, zuk egin zenituen zeru-lurrak eta itsasoa, eta horietan bizi diren guztiak;

25. zuk esan zenuen Espiritu Santuaren bidez eta gure aita David zeure zerbitzariaren ahoz: «Zergatik dabiltza iskanbilan nazioak, eta asmo ustelak asmatzen herriak?

Irakurri kapitulu osoa Eginak 4