Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 3:9-19 Elizen Arteko Biblia (EAB)

9. Herri osoak ikusi zuen ibiltzen eta Jainkoa goratzen,

10. eta, Ate Eder ondoan eserita limosna eske egoten zena bera zela oharturik, denak zur eta lur gelditu ziren gertatutakoaz.

11. Gizona oraindik Pedro eta Joanekin zegoela, jende guztia, harriturik, haiengana joan zen lasterka, Salomonen aterpera.

12. Herria biltzen ari zela ikustean, honela mintzatu zitzaien Pedro: «Israeldarrok, zergatik harritzen zaituzte gertatu den honek? Edo zergatik zaudete guri begira, gizon hau geure ahalmenaz edo erlijiotasunaz ibilarazi bagenu bezala?

13. «Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainkoak, gure arbasoen Jainkoak, aintzaz bete du Jesus bere zerbitzaria, zuek agintarien eskuetara eman eta Pilatoren aurrean ukatu zenutena, honek askatzea erabaki zuen arren.

14. Santua eta zuzena zen, baina zuek ukatu egin zenuten, eta hiltzaile bat askatzeko eskatu;

15. biziaren sorburua hil zenuten, baina Jainkoak piztu egin du hildakoen artetik; gu gara horren testigu.

16. Bada, Jesusenganako sinesmenari esker, haren indarrak sendatu du zuek ezagutzen eta hemen ikusten duzuen gizon hau; Jesusek ematen duen sinesmenak ekarri dio osasun betea, denok ikus dezakezuenez.

17. «Badakit, senideok, ezjakinean jokatu zenutela zuek, baita zuen agintariek ere.

18. Baina horrela bete zuen Jainkoak, profeta guztien ahoz aurrez iragarria, hots, haren Mesiasek sufritu egin beharko zuela.

19. Bihozberri zaitezte, bada, eta itzuli Jainkoarengana, bekatuak ken dakizkizuen;

Irakurri kapitulu osoa Eginak 3