Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 23:12-24 Elizen Arteko Biblia (EAB)

12. Eguna zabaltzean, zenbait juduk elkar hartu zuten eta zin egin, ez zutela ez jango eta ez edango Paulori bizia kendu arte.

13. Berrogeitik gora ziren horrela hitzartuak.

14. Apaizburu eta zaharrengana joan ziren, bada, eta esan zieten: «Zin eginez hitzeman dugu ez dugula deus hartuko, Paulo hiltzen ez dugun bitartean.

15. Orain, bada, zuek, biltzarrarekin elkar harturik, eskaiozue gudalburuari Paulo bihar zuengana ekartzeko, haren arazoa xehekiago aztertu nahiko bazenute bezala. Eta gu gertu egongo gara, hura bidean garbitzeko».

16. Baina Pauloren ilobak, arrebaren semeak, azpikeria horren berri jakin zuen eta kuartelera joan zen, Paulori jakinaraztera.

17. Paulok ehuntari bati deitu eta esan zion:—Eramazu gazte hau gudalburuagana; badu zerbait hari esateko.

18. Eraman zuen, bada, ehuntariak gudalburuagana eta esan zion:—Paulo presoak deitu dit eta gazte hau zuregana ekartzeko eskatu; zerbait omen du zuri esateko.

19. Gudalburuak eskutik hartu zuen eta, aparte eramanik, galdetu zion:—Zer duzu esateko?

20. Mutilak erantzun zion:—Juduak elkar harturik daude, bihar Paulo Biltzar Nagusira eraman dezazula zuri eskatzeko, haren arazoa xehekiago aztertzeko aitzakiaz.

21. Baina zuk ez sinetsi, berrogeitik gora gizonek zelata jarriko baitiote; zin egina dute ez dutela jango, ez edango, Paulo garbitu arte. Prest daude dagoeneko, zuk beraien eskabideari erantzun zain.

22. Gudalburuak bidali egin zuen mutila, esanez:—Ez esan inori honen berri eman didazunik.

23. Gudalburuak, orduan, bi ehuntariri deitu eta agindu hauek eman zizkien: «Eduki itzazue prest gaueko bederatzietarako berrehun soldadu oinezko, hirurogeita hamar zaldizko eta berrehun lantzari, Zesareara joateko.

24. Gerta itzazue zaldiak ere, Felix gobernariagana Paulo bizirik eta onik eramateko».

Irakurri kapitulu osoa Eginak 23