Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 23:1-13 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Paulo honela mintzatu zen, biltzarrari begira: «Anaiok, nik kontzientziarik garbienaz jokatu izan dut Jainkoaren aurrean gaur arte».

2. Honetan, Paulori ezpainetako bat emateko agindu zien Ananias apaiz nagusiak bere laguntzaileei.

3. Orduan, Paulok esan zion: «Jainkoak joko zaitu, horma zuritu hori! Ni legearen arabera epaitzeko zaude hor eseria; nola hausten duzu legea ni jotzeko aginduz?»

4. Han zeudenek esan zioten Paulori:—Jainkoaren apaiz nagusia iraintzen duzu!

5. Paulok, orduan:—Anaiok, ez nekien apaiz nagusia zenik. Bai, Liburu Santuak dio: Ez madarikatuzeure herriko buruzagia.

6. Bai baitzekien batzuk fariseuak zirela eta besteak saduzearrak, honela esan zuen Paulok ozenki biltzarraren erdian: «Anaiok, ni fariseua naiz, fariseuen semea, eta hildakoen piztuera espero dudalako naukate auzitan».

7. Hori esan zuenean, sesioa sortu zen fariseuen eta saduzearren artean, eta biltzarra bitan zatitu zen.

8. (Izan ere, saduzearrek ez dute onartzen ez piztuerarik, ez aingerurik, ez espiriturik; fariseuek, aldiz, bai).

9. Izugarrizko iskanbila sortu zen. Fariseuen alderdiko lege-maisu batzuek altxatu eta gogor esan zuten: «Ez dugu honengan errurik aurkitzen. Eta espiritu edo aingeruren batek hitz egin badio, zer?»

10. Sesioa gogortzen ari zen, eta gudalburuak, Paulo txikituko zuten beldurrez, gudari-taldeari jaisteko agindu zion, handik atera eta kuartelera eraman zezaten.

11. Hurrengo gauean, Jauna agertu zitzaion Paulori eta esan zion: «Izan bihotz! Jerusalemen nire testigu izan zaren bezala, halaxe behar duzu izan Erroman ere».

12. Eguna zabaltzean, zenbait juduk elkar hartu zuten eta zin egin, ez zutela ez jango eta ez edango Paulori bizia kendu arte.

13. Berrogeitik gora ziren horrela hitzartuak.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 23