Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 17:5-17 Elizen Arteko Biblia (EAB)

5. Baina juduek, ikusezinez, alfer-gaizto batzuk bildu zituzten eta, jendartean iskanbilak sorraraziz, herria nahastu zuten. Gero, Jasonen etxera oldartu ziren, Pauloren eta Silasen bila, herriko batzarraren aurrera eramateko asmotan.

6. Aurkitu ez zituztelarik, Jason eta beste zenbait senide hiriko agintarien aurrera eraman zituzten arrastaka, eta oihuka zioten: «Mundu guztia nahastu duten horiek bertaraino iritsi zaizkigu,

7. eta Jasonek etxean hartu ditu. Hauek guztiok enperadorearen aginduen aurka ari dira, badela beste errege bat esanez, Jesus alegia».

8. Hitz hauek asaldatu egin zituzten jendea eta agintariak;

9. baina, fidantza kendu ondoren, askatu egin zituzten Jason eta gainerakoak.

10. Senideek Paulo eta Silas Bereara bidali zituzten berehala, gauez. Iritsi zirenean, juduen sinagogara joan ziren.

11. Bereako juduek, Tesalonikakoak baino jatorragoak izaki eta, gogo biziz hartu zuten mezua; egunero aztertu ohi zituzten Liburu Santuak, gauzak hala ote ziren ikusteko.

12. Haietako askok sinetsi zuten, baita jentilen arteko emakume handiki eta gizonezko mordoxka batek ere.

13. Baina Tesalonikako juduak, Paulok Berean ere Jainkoaren hitza iragartzen ziharduela jakitean, hara joan ziren, hango jendea ere asaldatu eta nahastera.

14. Horregatik, senideek itsasaldera aterarazi zuten Paulo berehala; Timoteo eta Silas Berean gelditu ziren.

15. Paulori laguntzera joan zirenek Atenaseraino eraman zuten eta, itzultzean, Timoteo eta Silasentzat mandatu hau ekarri zuten: ahalik lasterren bil zitezela Paulorekin.

16. Atenasen Timoteo eta Silasen zain zegoela, Paulori barrua sumintzen zion hiria idoloz betea ikusteak.

17. Beraz, juduei eta Israelen Jainkoa gurtzen zuten jentilei sinagogan hitz egiten zien, eta egunero jardun ohi zuen plaza nagusian, bertan gertatzen zirenekin eztabaidan.

Irakurri kapitulu osoa Eginak 17