Itun Zaharra

Itun Berria

Efesoarrei 4:16-29 Elizen Arteko Biblia (EAB)

16. eta berak ematen dio gorputz osoari barne-lotura eta batasuna, atal guztiek, bakoitzak bere jarduera bereziaren arabera, gorputz osoaren alde egiten duten elkarlanaren bitartez; horrela, gorputza haziz eta maitasunean osoki eraikiz doa.

17. Hona, bada, zer esaten eta zinez eskatzen dizuedan Jaunaren izenean: ez zaiteztela bizi sinesgabeak bizi diren bezala; buruarinak dira

18. eta adimena ilundua dute; Jainkoaren bizitzatik urruti bizi dira, beren burugogorkeriagatik ezjakintasunean murgilduak baitaude.

19. Zentzu morala galdurik, lizunkeriara jo dute, aseezineko antsiaz era guztietako bizioetara emanak bizitzeko.

20. Ez da hori Kristo ezagutzean zuek ikasi duzuena.

21. Entzun duzue, izan ere, hartaz hitz egiten eta, Jesusi dagokion egiazko irakaspenaren arabera, hau ikasi duzue:

22. alde batetik, zuen lehengo bizierari uko egin eta giza izaera zaharra, grina engainagarrien eraginez hondatua, erantzi egin behar duzuela;

23. eta, bestetik, zeuen gogo-bihotzak berritu

24. eta giza izaera berria, Jainkoaren irudira sortua, jantzi behar duzuela, Jesusen egiaren arabera biziera zuzena eta santua eramateko.

25. Bazter ezazue, beraz, gezurra eta esan egia nork bere lagun hurkoari, guztiok elkarren atal baikara.

26. Haserretzen bazarete ere, ez heldu bekatu egiteraino; zuen haserreak ez beza eguzkia sartu arte iraun.

27. Ez eman inolako aukerarik deabruari.

28. Lapur denak ez dezala aurrerantzean ostu, saia dadila baizik bere eskuz lan egiten, beharrean dagoenari zer eman edukitzeko.

29. Ez bedi atera zuen ahotik hitz zakarrik, baizik eta, zerbait esan behar baduzue, ona eta egokia eta entzun dezatenen onerako izan dadila.

Irakurri kapitulu osoa Efesoarrei 4