Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6

Itun Zaharra

Itun Berria

Efesoarrei 4 Elizen Arteko Biblia (EAB)

KRISTAUEN JOKABIDE BERRIA (4,1—6,20)

Erabateko batasuna

1. Nik, Jaunarengatik preso nagoen honek, hartu duzuen deiari dagokionez bizi zaiteztela eskatzen dizuet.

2. Izan apal, otzan eta jasankor, elkar maitekiro eramanez.

3. Saia zaitezte Espirituak ematen duen batasunari eusten, elkartzen zaituzten bakeaz.

4. Bat bakarra da gorputza eta bat bakarra Espiritua, egin zaizuen deiari dagokion itxaropena ere bat bakarra den bezala;

5. bat bakarra Jauna, bat bakarra sinesmena, bat bakarra bataioa,

6. bat bakarra guztien Jainkoa eta Aita, guztien gainetik dagoena, guztien bidez ari dena eta guztiengan bizi dena.

Dohain ezberdinak

7. Baina gutariko bakoitzak Kristok eman nahi izan dion neurrian hartu du dohaina.

8. Horregatik dio Liburu Santuak: Gorenera igo zenean, gatibuak berekin eraman zituen eta gizakiei dohainak eman zizkien .

9. Igo zela esatean, zer esan nahi du, aurrez beheko lur honetara jaitsi zela baizik?

10. Jaitsi zen hura, zeru gorenera dena betetzera igo dena bera da.

11. Bera da batzuk apostolu egin zituena, beste batzuk profeta, beste batzuk berri onaren hotsegile, beste batzuk artzain eta irakasle.

12. Horrela, gai egiten ditu fededunak beren zerbitzu-lanerako eta Kristoren gorputza hazarazteko,

13. harik eta denok elkarrekin sinesmen eta Jainkoaren Semearen ezagutza berbera izan arte, heldutasun beteko pertsona, Kristoren betetasunaren neurriko, izatera iritsi arte.

14. Ez gaitezen haur izan, edozein irakaspen-haizek astinduak eta harat-honat eramanak, uste okerretan erorarazteko trebe den jende maltzurrak engainatuak.

15. Alderantziz baizik, maitasunean benetakoak izanez, hazi gaitezen gauza guztietan, Kristori gero eta gehiago egokituz. Bera da burua

16. eta berak ematen dio gorputz osoari barne-lotura eta batasuna, atal guztiek, bakoitzak bere jarduera bereziaren arabera, gorputz osoaren alde egiten duten elkarlanaren bitartez; horrela, gorputza haziz eta maitasunean osoki eraikiz doa.

Bizitza zaharretik berrira

17. Hona, bada, zer esaten eta zinez eskatzen dizuedan Jaunaren izenean: ez zaiteztela bizi sinesgabeak bizi diren bezala; buruarinak dira

18. eta adimena ilundua dute; Jainkoaren bizitzatik urruti bizi dira, beren burugogorkeriagatik ezjakintasunean murgilduak baitaude.

19. Zentzu morala galdurik, lizunkeriara jo dute, aseezineko antsiaz era guztietako bizioetara emanak bizitzeko.

20. Ez da hori Kristo ezagutzean zuek ikasi duzuena.

21. Entzun duzue, izan ere, hartaz hitz egiten eta, Jesusi dagokion egiazko irakaspenaren arabera, hau ikasi duzue:

22. alde batetik, zuen lehengo bizierari uko egin eta giza izaera zaharra, grina engainagarrien eraginez hondatua, erantzi egin behar duzuela;

23. eta, bestetik, zeuen gogo-bihotzak berritu

24. eta giza izaera berria, Jainkoaren irudira sortua, jantzi behar duzuela, Jesusen egiaren arabera biziera zuzena eta santua eramateko.

Bizitza berriaren eskakizunak

25. Bazter ezazue, beraz, gezurra eta esan egia nork bere lagun hurkoari, guztiok elkarren atal baikara.

26. Haserretzen bazarete ere, ez heldu bekatu egiteraino; zuen haserreak ez beza eguzkia sartu arte iraun.

27. Ez eman inolako aukerarik deabruari.

28. Lapur denak ez dezala aurrerantzean ostu, saia dadila baizik bere eskuz lan egiten, beharrean dagoenari zer eman edukitzeko.

29. Ez bedi atera zuen ahotik hitz zakarrik, baizik eta, zerbait esan behar baduzue, ona eta egokia eta entzun dezatenen onerako izan dadila.

30. Ez nahigabetu Jainkoaren Espiritu Santua, horrekin markatu baitzaituzte Jainkoak zigiluz bezala, askapen-egunean zuek bereizteko.

31. Ez bedi izan zuen artean zakarkeriarik, ez haserrerik, ez gorrotorik, ez garrasirik, ez irainik, ezta inolako gaiztakeriarik ere.

32. Izan zaitezte elkarrentzat on eta bihozbera, elkarri barkatuz, Jainkoak Kristoren bitartez barkatu dizuen bezala.