Itun Zaharra

Itun Berria

Efesoarrei 4:13-25 Elizen Arteko Biblia (EAB)

13. harik eta denok elkarrekin sinesmen eta Jainkoaren Semearen ezagutza berbera izan arte, heldutasun beteko pertsona, Kristoren betetasunaren neurriko, izatera iritsi arte.

14. Ez gaitezen haur izan, edozein irakaspen-haizek astinduak eta harat-honat eramanak, uste okerretan erorarazteko trebe den jende maltzurrak engainatuak.

15. Alderantziz baizik, maitasunean benetakoak izanez, hazi gaitezen gauza guztietan, Kristori gero eta gehiago egokituz. Bera da burua

16. eta berak ematen dio gorputz osoari barne-lotura eta batasuna, atal guztiek, bakoitzak bere jarduera bereziaren arabera, gorputz osoaren alde egiten duten elkarlanaren bitartez; horrela, gorputza haziz eta maitasunean osoki eraikiz doa.

17. Hona, bada, zer esaten eta zinez eskatzen dizuedan Jaunaren izenean: ez zaiteztela bizi sinesgabeak bizi diren bezala; buruarinak dira

18. eta adimena ilundua dute; Jainkoaren bizitzatik urruti bizi dira, beren burugogorkeriagatik ezjakintasunean murgilduak baitaude.

19. Zentzu morala galdurik, lizunkeriara jo dute, aseezineko antsiaz era guztietako bizioetara emanak bizitzeko.

20. Ez da hori Kristo ezagutzean zuek ikasi duzuena.

21. Entzun duzue, izan ere, hartaz hitz egiten eta, Jesusi dagokion egiazko irakaspenaren arabera, hau ikasi duzue:

22. alde batetik, zuen lehengo bizierari uko egin eta giza izaera zaharra, grina engainagarrien eraginez hondatua, erantzi egin behar duzuela;

23. eta, bestetik, zeuen gogo-bihotzak berritu

24. eta giza izaera berria, Jainkoaren irudira sortua, jantzi behar duzuela, Jesusen egiaren arabera biziera zuzena eta santua eramateko.

25. Bazter ezazue, beraz, gezurra eta esan egia nork bere lagun hurkoari, guztiok elkarren atal baikara.

Irakurri kapitulu osoa Efesoarrei 4