Itun Zaharra

Itun Berria

2 Korintoarrei 1:7-18 Elizen Arteko Biblia (EAB)

7. Eta zuengan daukagun itxaropenak oinarri sendoak ditu, bai baitakigu gure sufrimenduetan parte duzuenok adorean ere izango duzuela.

8. Senideok, jakin behar duzue nolako larrialdiak izan nituen Asia probintzian. Biziko nintzen itxaropena bera ere galdua nuen, ezin jasan ahalako larrialdi handiak izan bainituen.

9. Bai, etsia nengoen heriotza-epaia gainean nuela; baina horrela, neuregan ez, baizik eta hilak pizten dituen Jainkoarengan konfiantza jartzen ikasi nuen.

10. Berak atera ninduen, eta aterako nau aurrerantzean ere, horrelako heriotza-arriskutik; berarengan dut jarria itxaropena, eta onik aterako nau hemendik aurrera ere.

11. Lagun iezadazue zuek ere zeuen otoitzez. Horrela, lagun askoren erreguei esker Jainkoak emango didan laguntza dela bide, eskerrak ere askok emango dizkiote niri egindako mesedeengatik.

12. Harrotzeko nire bidea neure kontzientziaren aitorpena da; kontzientziak esaten dit Jainkoak emandako xalotasun eta zintzotasunez jokatu dudala edonon, eta gehiago zuen artean; eta hori, ez giza jakintzak eraginda, Jainkoaren onginahiak baizik.

13. Nire gutunetan ere ez dago beraietan irakurtzen eta ulertzen duzuena besterik; ez dago ezkutuko asmorik. Eta espero dut bete-betean ulertuko duzuela,

14. dagoeneko erdizka bederen ulertu didazuena, hau da: ni zuentzat harrogarri izango naizela, zuek niretzat izango zareten bezala, Jesus gure Jauna agertuko den egunean.

15. Uste horrekin, hain zuzen, lehenbizi zuek ikustera joateko asmoa nuen, nire bisitaren poza bi aldiz izan zenezaten:

16. Korinton barrena joatekoa nintzen Mazedoniara, eta Mazedoniatik berriro Korintora itzultzekoa, Judearako bidaia zuek presta zeniezadaten.

17. Arinkeriaz hartu ote nuen horrelako asmo hori? Edota giza helburu maltzurrez hartzen ote ditut neure asmoak, orain «bai» eta gero «ez» zuei esanez?

18. Ongi daki Jainkoak zuei hitz egitean ez nabilela batean «bai» eta bestean «ez».

Irakurri kapitulu osoa 2 Korintoarrei 1