Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13

Itun Zaharra

Itun Berria

2 Korintoarrei 1 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Agurra

1. Nik, Paulok, Jainkoak hala nahirik, Jesu Kristoren apostolu naizen honek, eta Timoteo anaiak, Korinton dagoen Jainkoaren eliz elkarteari eta Akaia probintzia osoko fededun guztioi idazten dizuegu.

2. Jainko gure Aitak eta Jesu Kristo Jaunak eman biezazkizuete grazia eta bakea.

SARRERA (1,3-11)

Atsekabeak jasan ondoren Jainkoari esker ona

3. Bedeinkatua Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita, Aita errukitsu eta kontsolamendu ororen iturri den Jainkoa!

4. Berak ematen digu adore atsekabe guztietan, guk ere besteak edozein atsekabetan adoretu ahal izan ditzagun geuk Jainkoarengandik hartzen dugun adoreaz.

5. Izan ere, Kristorengatik jasan behar ditugun sufrimenduak ugari badira, ugaria da, era berean, Kristok ematen digun adorea.

6. Guk atsekabeak jasaten baditugu, zuek adorea eta salbamena har ditzazuen jasaten ditugu; adorea hartzen badugu, zuek adorea har dezazuen hartzen dugu, adore honek eraginik iraupenez eraman ahal izan ditzazuen guk geuk ere eramaten ditugun sufrimenduak.

7. Eta zuengan daukagun itxaropenak oinarri sendoak ditu, bai baitakigu gure sufrimenduetan parte duzuenok adorean ere izango duzuela.

8. Senideok, jakin behar duzue nolako larrialdiak izan nituen Asia probintzian. Biziko nintzen itxaropena bera ere galdua nuen, ezin jasan ahalako larrialdi handiak izan bainituen.

9. Bai, etsia nengoen heriotza-epaia gainean nuela; baina horrela, neuregan ez, baizik eta hilak pizten dituen Jainkoarengan konfiantza jartzen ikasi nuen.

10. Berak atera ninduen, eta aterako nau aurrerantzean ere, horrelako heriotza-arriskutik; berarengan dut jarria itxaropena, eta onik aterako nau hemendik aurrera ere.

11. Lagun iezadazue zuek ere zeuen otoitzez. Horrela, lagun askoren erreguei esker Jainkoak emango didan laguntza dela bide, eskerrak ere askok emango dizkiote niri egindako mesedeengatik.

PAULOREN JOKAERA KORINTOARREN ARTEAN (1,12—7,16)

Korintora joateko asmoak aldatu

12. Harrotzeko nire bidea neure kontzientziaren aitorpena da; kontzientziak esaten dit Jainkoak emandako xalotasun eta zintzotasunez jokatu dudala edonon, eta gehiago zuen artean; eta hori, ez giza jakintzak eraginda, Jainkoaren onginahiak baizik.

13. Nire gutunetan ere ez dago beraietan irakurtzen eta ulertzen duzuena besterik; ez dago ezkutuko asmorik. Eta espero dut bete-betean ulertuko duzuela,

14. dagoeneko erdizka bederen ulertu didazuena, hau da: ni zuentzat harrogarri izango naizela, zuek niretzat izango zareten bezala, Jesus gure Jauna agertuko den egunean.

15. Uste horrekin, hain zuzen, lehenbizi zuek ikustera joateko asmoa nuen, nire bisitaren poza bi aldiz izan zenezaten:

16. Korinton barrena joatekoa nintzen Mazedoniara, eta Mazedoniatik berriro Korintora itzultzekoa, Judearako bidaia zuek presta zeniezadaten.

17. Arinkeriaz hartu ote nuen horrelako asmo hori? Edota giza helburu maltzurrez hartzen ote ditut neure asmoak, orain «bai» eta gero «ez» zuei esanez?

18. Ongi daki Jainkoak zuei hitz egitean ez nabilela batean «bai» eta bestean «ez».

19. Guk, Silvanok, Timoteok eta nik neuk, hots egin dizuegun Jainkoaren Seme Jesu Kristo ez zen izan batean «bai» eta bestean «ez»; harengan dena «bai» izan zen,

20. hau da, Jainkoak agintzari guztiei baietza eman die harengan; horregatik, Kristoren bitartez esaten diogu «Amen» Jainkoari, berau goresten dugunean.

21. Jainkoa da, ni eta zuek Kristorenganako fedean sendo ezarri gaituena: berak sagaratu gaitu,

22. bere ezaugarriaz markatu gaitu eta Espiritua ipini du gure baitan, hartuko dugunaren garantia bezala.

Paulo zergatik ez Korintora

23. Jainkoa bera dut testigu, eta hil nadila bertan egia ez badiot: Korintora oraindik joan ez banaiz, zuei dizuedan begiruneagatik da.

24. Banuen gogoa, ez, noski, zuen sinesmena neure menpe eduki nahi dudalako —sinesmenean sendo baitzaudete—, zuekin elkarlanean jarduteko baizik, zuen pozerako.