Itun Zaharra

Itun Berria

2 Korintoarrei 1:1-11 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Nik, Paulok, Jainkoak hala nahirik, Jesu Kristoren apostolu naizen honek, eta Timoteo anaiak, Korinton dagoen Jainkoaren eliz elkarteari eta Akaia probintzia osoko fededun guztioi idazten dizuegu.

2. Jainko gure Aitak eta Jesu Kristo Jaunak eman biezazkizuete grazia eta bakea.

3. Bedeinkatua Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita, Aita errukitsu eta kontsolamendu ororen iturri den Jainkoa!

4. Berak ematen digu adore atsekabe guztietan, guk ere besteak edozein atsekabetan adoretu ahal izan ditzagun geuk Jainkoarengandik hartzen dugun adoreaz.

5. Izan ere, Kristorengatik jasan behar ditugun sufrimenduak ugari badira, ugaria da, era berean, Kristok ematen digun adorea.

6. Guk atsekabeak jasaten baditugu, zuek adorea eta salbamena har ditzazuen jasaten ditugu; adorea hartzen badugu, zuek adorea har dezazuen hartzen dugu, adore honek eraginik iraupenez eraman ahal izan ditzazuen guk geuk ere eramaten ditugun sufrimenduak.

7. Eta zuengan daukagun itxaropenak oinarri sendoak ditu, bai baitakigu gure sufrimenduetan parte duzuenok adorean ere izango duzuela.

8. Senideok, jakin behar duzue nolako larrialdiak izan nituen Asia probintzian. Biziko nintzen itxaropena bera ere galdua nuen, ezin jasan ahalako larrialdi handiak izan bainituen.

9. Bai, etsia nengoen heriotza-epaia gainean nuela; baina horrela, neuregan ez, baizik eta hilak pizten dituen Jainkoarengan konfiantza jartzen ikasi nuen.

10. Berak atera ninduen, eta aterako nau aurrerantzean ere, horrelako heriotza-arriskutik; berarengan dut jarria itxaropena, eta onik aterako nau hemendik aurrera ere.

11. Lagun iezadazue zuek ere zeuen otoitzez. Horrela, lagun askoren erreguei esker Jainkoak emango didan laguntza dela bide, eskerrak ere askok emango dizkiote niri egindako mesedeengatik.

Irakurri kapitulu osoa 2 Korintoarrei 1