Itun Zaharra

Itun Berria

1 Joan 4:1-8 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Ene maiteok, ez fidatu edozeinekin; aztertu lehenengo Jainkoarengandik datorren ala ez, sasiprofeta asko sortu baita munduan.

2. Honela jakingo duzue norbaitek Jainkoaren Espiritua duen ala ez: Jesu Kristo egiazko gizon egin dela aitortzen duenak Jainkoaren Espiritua du;

3. Jesusen izaera hau ukatzen duenak, ordea, ez du Jainkoaren Espiritua, antikristoarena baizik. Entzuna duzue antikristoak etorri behar duela; hara bada, munduan da jadanik.

4. Seme-alabatxook, zuek Jainkoarenak zarete, eta garaituak dituzue sasiprofeta horiek, zuengan dagoena munduan dagoena baino handiagoa baita.

5. Mundukoak dira horiek; horregatik, munduaren arabera mintzo dira, eta mundukoek entzun egiten diete.

6. Gu, berriz, Jainkoarenak gara, eta Jainkoa ezagutzen duenak entzun egiten digu; Jainkoarena ez denak, aldiz, ez digu entzuten. Honetatik atera dezakegu nork duen egiaren espiritua eta nork gezurraren espiritua.

7. Ene maiteok, maita dezagun elkar, maitasuna Jainkoarengandik baitator, eta maite duen oro Jainkoarengandik jaioa da eta ezagutzen du Jainkoa.

8. Maite ez duenak ez daki deus ere Jainkoaz, Jainkoa maitasuna baita.

Irakurri kapitulu osoa 1 Joan 4